Proiektuaren helburua Klinikan lan egiten dutenen osasuna hobetzea da.
Josefina Arregui Klinika irabazi-asmorik gabeko erakundea da eta dementziak edo beste patologia psikiatriko batzuk dituzten pertsonei ematen die arreta. Bada, hamarkada berriari hasiera emateko, “Lehenbizikoa, zure osasuna – Antolaketa osasungarria” izeneko proiektua jarri du abian. Proiektu berritzailea da osasun asistentzialaren sektorean, eta klinikan lan egiten duten pertsonen osasuna hobetzea du helburu.
“Lehenbizikoa, zure osasuna – Antolaketa osasuntsua” goiburu harturik, Josefina Arregui Klinikak proiektu berritzaile bat jarri du abian osasunaren arloan. Berritzailea da, proiektu egituratzailea eta zeharkakoa delako, eta Klinikako zuzendaritzaren eta langileen inplikazio bateratuarekin garatu eta abian jarri delako. Proiektua garatze aldera, Josefina Arregui Klinikak langileen osasunaren arloan erreferentziazkoak diren bi nafar erakunderen laguntza izan du: Mutua Navarra eta Gesinor. Horrez gain, lantaldeko bi pertsonaren laguntza izan dute, plana diseinatu eta abian jarri duen taldean aritu baitira.
Josefina Arregui Klinikak 2019. urtearen hasieratik bizi duen etapa berriaren ondorioa izan da proiektua. Klinikaren funtsezko zutabeetako bat da, onartu berri den erakundearen plan estrategikoan jasoa dagoen bezala. Planak berekin dakar langileen osasuna zaintzera eta hobetzera bideratutako kudeaketa-politika estrategikoak aldatzea eta txertatzea.
Josefina Arregui Klinikak bere zentroan lan egiten duten pertsonen osasuna mantentzeko eta hobetzeko apustu sendoa da, epe luzerako egindakoa. Horrela, “zaintzeko, geure burua zaindu egin behar dugu” premisarekin bat.
Proiektuaren garapena
“Antolamendu osasungarria” proiektua 2019ko martxoan hasi zen garatzen. Plantillaren osasun-egoeraren berri izate aldera, azterketa bat egin zen banakako elkarrizketen eta inkesten bidez. Analisiak agerian utzi zuen lantaldearen zati batek sedentarismo maila handia zuela, jarduera fisikoaren maila hobetzeko beharra atzemanik. Hobetu beharreko beste alderdi batek elikadura-ohiturekin du zerikusia. Ohitura horiek aldaketak behar dituzte kolesterola hobetzeko, eta, horrela, gaitz kardiobaskularrak izateko arriskua murrizten da. Azterketak agerian utzi zuen, halaber, goiko ataleko muskulu-eskeletikoa hobetu beharra zegoela, pazienteak artatzen dituzten pertsonen ohiko gaitza baita. Maila emozionalean, estresa hauteman zen; zehazki, errukiak eragindako nekea. Izan ere, langileek laguntza terapeutiko zuzena ematen diete pazienteei, enpatia sortzen da eta konpromiso emozionala hartzen dute; hots, dementziari atxikitako buru-nahasmenduak, jokabide-asaldurak eta nahasmendu emozionalak dituzten pazienteez ari gara. Bada, estresa harreman horren ondorioz sortzen da.
Plantillaren egoera eta beharrak aztertu ondoren, ekintza-plan integral bat ezarri zen, epe ertain eta luzera garatuko dena, Klinikan lan egiten duten pertsonen osasuna hobetze aldera.
Ekintza-plana
Proiektuak urteko ekintza-plan bat du, eta bertan funtsezko lau ardatz landuko dira: ongizate emozionala, elikadura, ariketa fisikoa eta muskuluen nahiz hezurren suspertzea. Ekintza-planak, halaber, osasuna zaintzearen eta ohitura osasungarriei eustearen garrantziaren inguruko sentsibilizazio programa bat izanen du, saioen bidez, pertsona bakoitzak bere ohiturak eta, azken batean, osasuna hobetzeko dituen gaitasunez jabetzeko. Langileek bizitza osasuntsua izatearen garrantzia barneratzeko funtsezko saioak dira. Saioak martxoan eginen dira.
Ongizate emozionalari dagokionez, otsailean, martxoan eta apirilean estresaren kudeaketari buruzko lau saio programatu dira. Otsailaren 4an ematen hasitako saioek alderdi teoriko bat dute, eta bertan, estresa zer den, nola garatzen den, etapak, sintomak eta emozioak ematen dira ezagutzera. Saioek alde praktiko bat izanen dute, bizitza pertsonalean aplikatu ahal izanen diren lau erlaxazio-teknikaren bidez. Gainera, nahi duen pertsona bakoitzak estresaren kudeaketari buruzko coaching indibidual bat izanen du hiru orduz. Arlo horretako prestakuntzak urteko bigarren seihilekoan izanen du jarraipena du, Mindfulnessko hastapen-ikastaro baten bidez. Bizitza eta terapia kognitiboko ikastaroa da, estresa murrizteko.
Errekuperazio muskulu-eskeletikoari dagokionez, langileek tailerrak jasoko dituzte datozen hilabeteetan, ariketa fisikoa egiteak duen garrantziaz informatzeko eta sentsibilizatzeko, langilearen egoera fisikoari buruzko prebentzio-neurri gisa, alderdi muskulu-eskeletikoaren arloan. Uda ondoren, errendimendu handiko entrenamendu-programa jarriko da abian, lan-munduari eta, bereziki, lanpostuari aplikatua, Witrein. Helburua arazo edo lesio muskulu-eskeletikoak saihestea da, tonu fisikoa prebenitu, bizkortu eta indartzeko ariketak eginez. Programaren hasieran, lanpostu bakoitzaren azterketa eta grabazioa egiten da, eta, ondoren, banakako entrenamendu-plan bat aztertzen eta garatzen da. Entrenamendu-plana praktikan jarri aurretik, prestakuntza emanen zaie langileei, planean proposatutako ariketa fisikoak behar bezala egin ditzaten, eta kit bat emanen zaie erabili beharreko kirol-materialarekin. Witrein-en helburua indarra eta egoera fisikoa ariketaren bidez hobetzea da, eta horrek lesio muskulu-eskeletikoak saihestuko ditu eta, beraz, langileek osasun eta ongizate hobea izanen dute. Hori guztia aplikazio mugikor baten bidez eginen da, eta ariketak QR kodeen bidez egiteko aukera izanen da. Hiruhilekoan behin, neurketak eginen dira mugikortasun-arkuan eta indarrean lortutako hobekuntzak ikusteko.
Eremu horren barnean, halaber, jarrera-tailerrak eta pazienteak manipulatzeko tailerrak eginen dira.
Bestalde, Josefina Arregui Klinikan lan egiten dutenek fisioterapiako saioak jasoko dituzte doan, behar dutenean.
Elikaduraren arloan, lehen seihileko honetan bi ekintza zehatz eginen dira. Lehenik eta behin, saltzeko makinaren elikadura-gaiak aldatu eta osasungarriagoak jarriko dira. Makinak gatz, azukre eta sodio gutxiko zizka-mizkak (opiltxo gazituak, ogi-barratxoak) izanen ditu, baita fruitu lehor naturalak ere, azukre eta gantzik gabe. Horrez gain, fruta fresko osoak, gantz gutxiko esnekiak, % 100eko fruta-zukuak edo azukre erantsirik gabeak izanen dira, bai eta kaloria gutxi duten fruta-zukuak ere. Edariei dagokienez, makinak ura edo koloratzaile eta kontserbagarririk gabeko edariak eskainiko ditu, burbuilarik gabeak, eta fruta eta esne irabiakiak ere bai.
Bigarren ekintza etxean lantokira eramateko prestatzen den elikadura hobetzera bideratuko da. Alde horretatik, jaki osasungarriak nola prestatu jakiteko tailerrak eginen dira, tuperrean lantokira eramateko.
Aurten, ekintza-planaren osagarri, bestelako jarduera terapeutikoak eginen dira, prestakuntza-hitzaldiak, arrisku biologikoari aurre egiteko jarraibideak, pilates, etab.
Etorkizunerako apustua
“Lehenbizikoa, zure osasuna – Antolaketa osasungarria” proiektuaren bidez, Josefina Arregui Klinikak ibilbide luzeko ekimenaren aldeko apustua egin du, antolaketa osasungarriko kudeaketa sistema egokituta, enpresa guztiaren behar eta kezken ardatz integratzaile gisa. Proiektuak plantillaren beharren eta aurrerapenen arabera aldatuko ditu ekintza-planak, bertan lan egiten duten pertsonen osasuna eta lan-baldintzak hobetze aldera (segurtasun ergonomikoa, zaintza psikosoziala…). Horri guztiari esker, Klinikan eta haren inguruan, osasunari buruzko kultura aldatuko da. Halaber, Nafarroako osasun-sistemari laguntzen jarraituko zaio, langileen osasuna babestuz eta zerbitzu publikoen erabilerak eragiten duen kostua saihestuz.