Josefina Arregui Klinikak 25 urte beteko ditu datorren azaroan, dementzia edo beste patologia psikiatriko batzuk dituzten pertsonak artatzen hasi zenetik. Ibilaldi horretan, dementziak edo beste patologia psikiatriko batzuek eragindako 7.000 pertsona baino gehiago artatu ditu Klinikak, Nafarroa osotik etorritakoak. Hogeita bost urte horietan, klinika, lan eta ahalegin handiz, erreferentziazko erakunde gisa finkatu da dementzia eta beste gaixotasun psikogeriatriko batzuk dituzten pertsonen arretan eta tratamenduan.
25 urteko laguntza-zerbitzua
Gaur egun, Klinikak aro berrian murgildua dago eta hainbat unitate ditu zerbitzua eta laguntza emateko, hala nola Eguneko Zentroa, Ospitaleratze Unitatea, Suspertze Funtzionalerako Unitate Anbulatorioa eta Kanpo Kontsulten Zerbitzua.
Lehenbizi, Eguneko Zentroak ireki zituen ateak, 1994ko azaroan. Bertan, diziplina anitzeko lana egiten da pazienteekin, eta bultzatzen dira, batetik, prozesuaren errehabilitazioa eta autonomia pertsonala eta soziala, eta bestetik, adinekoak komunitatean ahalik eta denbora gehien eta bizi-kalitate onenarekin bizitzea. Arreta medikoa eta psikiatrikoa ematen da, eta arreta ematen zaie, halaber, barruko gaixotasunei, erizaintzako zainketei eta terapia okupazionaleko programei. Gaur egun, 25 leku ditu; 20, Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin hitzartuak, eta, 5 libre.
Urte hartan berean, Josefina Arregui Klinikak geriatrian, neurologian, psikogeriatrian eta neuropsikologian espezializatutako medikuntzako kanpo-kontsulten zerbitzua jarri zuen abian. Geriatria orokorreko kontsultak egiten dira, hainbat arazo jorratuta, hala nola gutxiegitasun kardiakoa, erorikoak eta abar. Pazienteak zerbitzu horretara joan daitezke, osasun-zerbitzu publiko batek bideratu behar izan gabe.
1995eko apirilean, Josefina Arregui Klinikak ospitaleratze eremua inauguratu zuen, 13 oherekin, eta gero, 2004tik 2005era, zortzi gehiago paratu ziren. Guztira, beraz, 21 ohe eskaintzen dira ospitaleratze eremuan, guztiak ere Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin hitzartuak eta Nafarroako dementzia kasuak artatzeko sisteman sartuak. Unitateak helburu du era anbulatorioan lagundu ezin zaien buru-nahasmendu organikoa duten paziente zaharrak diagnostikatu, artatu eta errehabilitatzea. Ospitaleraturik diraute, harik eta gaixotasuna konpentsatzean, berriro komunitatean sartzeko aukera duten arte edota haien beharren araberako laguntza maila batean kokatzeko aukera duten arte. Osasun Publikoaren Saretik bideratutako pazienteak dira.
Suspertze Funtzionalerako Unitate Anbulatorioa 2017an sortu zen. Era horretako bakarra da Nafarroan, eta aukera ematen die gaixotasun psikogeriatrikoa duten edo ez duten adinekoei beren autonomia-maila handitzeko eta beren kabuz baliatzen jarraitzeko. Klinikak, halaber, aholkularitza ematen die senitartekoei eta zaintzaileei hainbat konturen gainean: gaixotasuna, artatzeko jarraibideak, laguntza-baliabideak, erakundeen laguntzak, lege-izapideak, mendekotasunaren balorazioan, etab. Klinikak etengabeko harremana izan du beti AFAN elkartearekin (Alzheimerra duten gaixoen Nafarroako Senideen Elkartea), eta Sakana inguruan autolaguntzrako taldeak osatu ditu senideentzat.
Azken 25 urtean egindako lan hori ezinezkoa izanen zen pertsona, erakunde eta organismo askoren laguntzarik gabe eta haien ekarpen eskuzabalik gabe. Horien artean, Josefina Arreguiren Lagunak Elkartea eta hartan ari diren langileak daude. Elkartea 2011n sortu zen, eta bere borondatez arduratu da dirua bilatzeaz, Klinika auzolanean mantentzen eta ikusgaitasuna ematen laguntzeko. Gaur egun, 500 pertsonak baino gehiagok osatzen dute.
25. urteurreneko ekitaldiak
Zilarrezko ezteiak ospatze aldera, Klinikak eta Josefina Arregui Lagunen Elkarteak hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Lehenengoa El amor puede más que el olvido kontzertua izanen da, urriaren 27an, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Kontzertua 11:30ean hasiko da eta bertan izanen dira Erkudengo Ama abesbatza, Etxarri Aranatz abesbatza, Altsasuko Udal Txistulari Taldea, Burundar Txistulariak, Haize Berriak banda, Trasteando, Iñigo eta Imanol Goikoetxea, Los del Rayo, Etorkizuna dantza taldea, Irantzu Gonzalez Dantza Eskola eta Enrike Zelaia. Oraingoan, Irurzun Abesbatzak, Peio Repárazek eta El Drogasek ezin izanen dute parte hartu, baina erabateko sostengua eman diote kontzertuari, bai eta Josefina Arregui Klinikari ere. Sarrerak Klinikan eta Altsasuko Iortia Kultur Etxean salduko dira, eta kontzertuaren egunean, frontoiko leihatilan, 10:30etik aurrera.
Hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko bigarren ekitaldia azaroaren 23an eginen da eta omenaldi ekitaldia izanen. Klinikak, izan ere, eskerrak eman nahi dizkie hainbat pertsonari, azken urteetan Klinikaren alde egindako lanaren esker onean.
Ospakizunak abenduaren 21ean bukatuko dira Altsasuko Iortia Kultur Etxean, Josefina Arregui Klinikaren aldeko Trasteando taldearen kontzertu solidarioarekin. Kontzertuan, Trasteando-k aurten Klinikarako propio sortutako disko berria aurkeztuko du, Canciones que no se olvidan izenburupean. Taldeak, horrela, Josefina Arregui Klinikarekin elkarlanean daramatzan 20 urteak ospatu nahi ditu. Kontzertuan eta CDen salmentan biltzen den diru guztia Josefina Arregui Klinikarentzat izanen da. CD solidarioa kontzertuaren egunean bertan jarriko dute salgai. 17 gaiz osatuta dago eta, une honetan, edizio prozesua amaitzen ari da. Kontzertuan, Klinikako paziente batzuk igoko dira oholtzara Trasteando taldeko kideekin batera, CD solidarioko hiru abesti emateko. Kontzertuan, zero ilara egokituko da, Klinikarekin elkarlanean jarraitu nahi dutenentzat.
Irudian: Angel Gardachal, Klinikako kudeatzailea; Joseba Arregui, Felipe Lecea Fundazioko presidentea; eta Patxi Goikoetxea, Klinikaren Lagunen Elkarteko presidentea.