Felipe Lecea Altsasun jaio zen, 1925ean. Gizon ekintzailea, izugarri langilea, saiatua, bizitzan zehar era askotako ekimenak arrakastaz egindakoa.
Alzheimer gaitzak emaztea jo izanaren ondorioz, lehen eskutik jakin zuen zeinen eritasun latza den, eta familiek zenbat erronka eta premiei aurre egin behar izaten dieten egunerokoan.
Hori guztia dela eta, 1993ko martxoan, Felipe Leceak fundazio bat eratu zuen eta, haren bidez, Josefina Arregui Klinikako Eguneko Zentroa sortu zen; gaur egun, oraindik ere Sakanako adinekoei zerbitzua ematen diena.
Felipe Lecearen ahalegin eta ilusio izugarriak bultzaturik, proiektua azkar garatu zen eta, pixkanaka, egituraz handitu eta zerbitzu berriak ezarri ziren. Horren ondorioa da egungo Josefina Arregui Klinika, hots, badu Ospitaleratze Unitate bat, Eguneko Zentro Psikogeriatriko bat eta Kanpo Kontsultetarako Zerbitzua arazo psikogeriatrikoak artatzeko.
Feliperen iritziz, funtsezkoa zen benetan proiektua komunitatean txertaturik egotea eta gogoz egin zuen lana hura Nafarroako gizarte eta osasun sistemari lotzeko. Helburu hori lortu da; izan ere hitzarmenak egin dira bai Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin (Osasunbidea), bai Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuarekin, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bidez. Hitzarmenak indarrean daude eta, haien barnean, elkarlan instituzionaleko jarduera asko eta asko egiten dira.
Lorpen orotaz haratago, gure sortzaileak ondare bat utzi digu nagusiki, hots, Josefina Arregui Klinikan lan egiten dugun guztiok gure adineko gizon-emakumeen zainketa eta bizi-kalitatearekiko dugun ilusioa.
Oinazeak bultzaturik sortu zuen Felipe Leceak Josefina Arregui Klinika, baina maitasunak bultzaturik ere bai. Felipe pertsona bereziki saiatua eta ekintzailea zen, eta haren emazte Josefina Arreguik jasotako diagnostikoak oinazea eragin bazion ere, Felipe gauza izan zen maitasunak markaturiko azken ondare bat uzteko. Izan ere, emaztea bere gogotik urruntzen zuen gaixotasunak atsekabeturik, profesionalik onenak ekarri zituen bere ingurura bere jaioterrian –Altsasun– klinika bat sortzeko, denetariko dementziak pairatzen dituzten pertsonak ahalik eta sentiberatasunik handienarekin zaintzeko.
Istorio pertsonal horretan dago Josefina Arregui Klinika-Fundazioaren sorrera, baina baita ekimenaren izateko arrazoia erakusten duten balioak ere. Feliperen nahia izan baitzen Josefina ahalik eta duintasun handienarekin bizitzea bizitzako azken urteetan; duintasunak, izan ere, izateko arrazoi bat ematen digu guztioi, bakoitzak bere egoera berezia izanik ere. Felipek, era berean, jendea maila askotan zaintzeko arreta-eredu bat ezarri nahi izan zuen; horrela, gizabanako bakoitzaren istorio pertsonala ahaztu gabe, haren ongizatea bilatzeko eta haren autonomia mantentzeko. Pertsona ororendako eta senideendako une bereziki sentiberetan, Josefina Arregui Klinikaren xedea ez da paziente bat artatzea, baizik eta oraindik ere indarguneak izan ditzakeen (aurkitu beharrekoak) pertsona bat lagundu eta ahalik eta duintasunik handienarekin zaintzea. Klinikak izen inpertsonalagoa izan bazezakeen ere, Josefina Arregui Klinika da, izen batek ahanztura eragozten duelako eta, kasu honetan, bikote baten istorio pertsonalak fundazioaren lana gidatzen duten balioak taupadaka mantentzen dituelako.
Hermann Hesse idazlen alemanaren lan batean –Zahartzaroaren laudorioa–, hauxe dago idatzita: “Zahartzea ez da desmuntatze eta zimeltze hutsa; bizitzaren edozein arok bezala, bere balioak ditu, bere xarma, bere jakinduria”. Horrela, Josefina Arregui Klinika-Fundazioak balio positibo horiek bilatu nahi ditu, bai eta pertsonari lagun egitea ere, haren bizitza ahalik eta duinena eta atseginena izan dadin.
Joseba Arregui Pabollet
Josefina Arregui Klinika-Fundazioaren Patronatuko presidentea