“FELIPE LECEA Fundazioa” Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatua dago 1997ko otsailaren 21z geroztik, Erregistroko 3. zenbakiarekin, eta bere estatutu hauek aldatu egin dira, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/21021 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
1. artikulua. Helburua eta ezaugarriak.
Foru Berriaren 42. Legeari jarraikiz, “FELIPE LECEA Fundazioa” izeneko fundazioa eratu da. Irabazi-asmorik gabeko entitatea da eta, fundatzailearen borondatez, haren ondarea une oro baliatu beharko da Estatutu hauetan zehazten diren interes orokorreko xedeak betetzeko.
2. artikulua. Jarduketa eremua eta helbidea
- Fundazioak batez ere Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparruan eginen ditu bere jarduerak, baina jarduerak egin ahalko ditu, orobat, Espainia osoan eta baita nazioartean egitekoak direnak ere.
- Fundazioaren helbidea honako hau da: kalea: Erburua, zk.: zk.g. Herria: Altsasu (Nafarroa).
- Patronatuak beste nonbaitera eramaten ahalko du fundazioaren egoitza, estatutuetan behar den aldaketa eginez horretarako.
3. artikulua. Iraupena.
Fundazioak irauteko asmoa du, eta iraupen mugagabearekin eratu da.
4. artikulua. Nortasun juridikoa eta gaitasuna.
- Fundazioak nortasun juridikoa izanen du eratze-egintza Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzen denetik, eta une horretatik aurrera gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa izanen du.
- Ondorioz, sortu zeneko helburuak betetzeko beharrezkoak diren egintza guztiak egin ditzake, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.5. artikulua. Araubide juridikoa eta ordainsariak.
- Fundazioa eratzaileen borondatearen arabera eraentzen da, eta borondate hori adierazten da sortze-agirian, estatutu hauetan, Patronatuak estatutu hauek interpretatu eta garatzeko ezartzen dituen xedapenetan eta, betiere, Nafarroako Foru Berrian eta aplikatzekoak diren gainerako legezko eta erregelamenduzko xedapenetan.
- Gaiaren arabera fundazioaren helburu nagusiei lotutako eskudantzien titularra den departamentuaren bitartez gauzatuko da fundazioaren babesletza, estatutu hauetan deskribatzen diren moduan.
- Fundazioak erabaki du maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan araututako zerga-araubide berezia aplikatzea, eta hari lotua geldituko da hura aplikatzeko baldintzak betetzen dituen bitartean edo araubideari uko egiten diola jakinarazten ez duen bitartean.
II. KAPITULUA. FUNDAZIOAREN XEDEA6. artikulua. Fundazioaren helburuak.
Fundazioak interes orokorreko helburu hauek ditu:- Ongintza eta laguntza ekintza egitea, pazienteen dementzien eta senideen arretan eta tratamenduan interes berezia jarrita.
- Ikerkuntza sustatu eta bultzatzea narriadura kognitiboaren, dementziaren eta haiei lotutako alderdien arloan.
- Adinekoen bizi-kalitatea hobetzea eta, bereziki, narriadura kognitiboa edo dementzia dutenena, edota narriadura kognitiboari lotuak egon daitezkeen edo egon ez daitezkeen nahasmendu psikiatrikoak dituztenen bizi-kalitatea.
7. artikulua. Fundazioaren jarduera nagusiak.
- Fundazioak, bere helburuak hobeki betetzeko, jarduera hauek eginen ditu, nagusiki:
- Josefina Arregui Klinikaren ustiapena egitea bere onuradunak izatea gertatzen diren pertsonak artatzeko eta, hala bada, barneratzeko.
- Edonolako osasun zerbitzuak egin eta ematea, sozialak, soziosanitarioa, bai anbulatorioak edo etxez etxekoak, bai bizitegikoak edo egoitzakoak, bai eta aurrekoen osagarri guztiak ere.
- Ikerketa proiektuak egitea, bai bere kabuz, bai beste hirugarrenekin elkarlanean.
- Denetariko gizarte proiektuak antolatu eta jartzea abian Fundazioaren berezko arloetan.
- Fundazioaren helburuekin lotutako txostenak, azterlanak, analisiak eta gainerako zerbitzuak egitea.
- Denetariko prestakuntza-jarduerak antolatzea.
- Hitzaldiak, biltzarrak, eztabaida-guneak, erakusketak, sariketak, lehiaketak eta beste edozein zabalkunde ekitaldi antolatu, haietan lagundu, sustatu eta/edo bultzatzea.
- Argitalpenak, lanak eta azterlanak egin, haietan lagundu, sustatu eta/edo bultzatzea.
- Eta, oro har, bere Patronatuak esleitzen dizkion beste jarduera guztiak, Fundazioaren helburu eta xedeen barnean.
- Fundazioak enpresa-jarduerak egiten ahalko ditu, jarduera horien helburuak fundazioaren helburuekin lotuta badaude edo aurrekoen osagarriak edo gehigarriak badira.
- Era berean, zeinahi jarduera ekonomikotan parte hartzen ahalko du, sozietateetan parte hartuz, indarreko araudian aurreikusitakoaren arabera, eta ez du inolako partaidetzarik izaten ahalko sozietate-zorren erantzukizun pertsonala duten merkataritza-sozietateetan.
8. artikulua. Jarduteko askatasuna.
Patronatuak erabateko askatasuna izanen du fundazioaren jarduerak zehazteko, haren iritziz eta xedeak betetzearren, une bakoitzean egokienak edo komenigarrienak diren helburu zehatzak lortzera bideratuak.9. artikulua. Jardueren publizitatea.
Fundazioak behar adina informazio emanen du bere helburu eta jarduerei buruz, balizko onuradunek eta gainerako interesdunek horien berri izan dezaten.III. KAPITULUA. BALIABIDEAK APLIKATZEKO ETA ONURADUNAK ZEHAZTEKO OINARRIZKO ARAUAK.10. artikulua. Errenten eta diru-sarreren erabilera.
- Fundazioaren ondasun eta errentak fundazioaren xedeak betetzeari zuzen eta berehala atxikita daudela ulertzen da.
- Fundazioak aldian behin programatuko ditu bere helburuari dagozkion jarduerak, eta, horretarako, urtean behin prestazioen plangintza eginen da eta horiek nola egin eta adjudikatu erabakiko da.
- Fundazioak kontabilitate-emaitzaren %70 bideratu beharko du, gutxienez, fundazioaren helburuak betetzera, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritako doikuntzen eta baldintzen arabera zuzenduta. Kontabilitate-emaitzaren gainerakoa, fundazioaren xedeak betetzeko erabiltzen ez dena, alegia, zuzkidura edo erreserbak handitzera bideratu beharko da, patronatuak erabakitzen duenaren arabera.
11. artikulua. Onuradunak hautatzea.
- Fundazioaren helburua hartzaileen pertsona talde orokorrei zuzendu behar zaie. Zehazki, Fundazioaren prestazioen onuradun izan daitezke patronatuaren iritziz horiek jasotzea merezi duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak.
- Patronatuak hautatuko ditu onuradunak, inpartzialtasunaren eta diskriminaziorik ezaren irizpideei jarraikiz, honako ezaugarri hauek dituzten pertsonen artetik:
- Fundazioak artaturiko populazio-sektorearen parte izatea.
- Fundazioak eskaintzen ahal duen prestazioa edo zerbitzua eskatzea.
- Behar ekonomikoaren, merezimenduen, gaitasunaren edo egokitasunaren arabera esleitzea.
- Bestelako baldintza batzuk betetzea, berariaz ezar daitezkeenak hain zuzen.
- Inork ez du alegatzen ahalko, ez bakarka ez taldeka, fundazioan edo Patronatuan, onura horiek eman aurretik baliatzeko eskubiderik, ezta ezartzen ahalko ere onura horiek pertsona edo kolektibo jakin batzuei esleitu beharra.
- Inolaz ere ez dira hartzaile izaten ahalko banaka zehaztutako pertsonak.
- Fundatzaileak eta haien ezkontideak edo haiekin antzeko afektibitate harreman baten bidez lotuta daudenak, edo ahaideak, laugarren gradurainokoak barne, ez dira fundazioaren jardueren hartzaile nagusi izaten ahalko, eta ez dute zerbitzuak jasotzeko baldintza berezirik izaten ahalko.
- Fundazioak onuradunei eskaintzen dizkien zerbitzuak ordaintzekoak izaten ahalko dira, betiere, eskuratzen den zenbatekoa fundazioen helburuetara bideratzen bada, eta horrek ez badu eragiten onuradun posibleen eremua arrazoirik gabe mugatzea.
IV. KAPITULUA. FUNDAZIOAREN PATRONATUA.12. artikulua. Patronatuaren izaera.
- Patronatuari dagokio fundazioa gobernatzea, administratzea eta ordezkatzea. Patronatuak dagozkion ahalmen eta eginkizun guztiak izanen ditu bai eta baliatuko, indarrean dagoen araudian xedatutakoari eta eratzaileak eraketa-egintzan eta estatutu hauetan adierazitako borondateari jarraiki.
- Patronatuari dagokio fundazioaren xedeak bete eta betearaztea eta fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak administratzea, horien errendimendua eta erabilgarritasuna osorik mantenduz, kudeaketa onaren irizpide ekonomiko eta finantzarioen arabera.
13. artikulua. Patronatukideak.
- Patronatukideek ordezkari leial baten arduraz bete beharko dituzte beren eginkizunak.
- Bateraezina da patronatukidearen funtzioa eta entitateari ordainpeko edonolako zerbitzuak ematea. Bateraezintasun bera izanen du fundatzaileak eta haren ezkontideak edo antzeko afektibitate harreman baten bidez harekin lotuta dagoenak.
- Patronatukideek deituak diren bileretara joan beharko dute, eta indarrean dauden legezko xedapenetan eta estatutu hauetan ezarritakoa beteko dute beren jardueretan.
- Patronatukideek independentziaz erabiliko dituzte beren ahalmenak, oztopo edo mugarik gabe, eta haien ebazpen edo akordioetan ez zaie inolako baldintzarik ezartzen ahalko, Estatutu hauetan edota indarrean dauden arauetan berariaz jasota daudenez harago.
- Patronatukideak erantzule solidarioak izanen dira fundazioaren aurrean, araudiaren edo estatutuen kontrako egintzen ondorioz sortzen dituzten kalte eta galerengatik, edota beren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den ardurarik gabe egindakoengatik. Ez dute erantzukizunik izanen erabakiaren aurka bozkatu dutenek edo, erabakia hartu eta gauzatzeko esku hartu gabe, erabakia zegoenik ez zekitela frogatzen dutenek edota, horren berri izanda, kaltea saihesteko komeni zen guztia egin dutela edo, gutxienez, berariaz aurka egin dutela frogatzen dutenek.
14. artikulua. Doakotasuna.
- Patronatukideek dohainik jardunen dute beren funtzioetan, baina eskubidea izanen dute funtzio horietan jarduteak eragiten dituen eta behar bezala justifikatzen diren gastuak ordain dakizkien. Nolanahi ere, kontzeptu horrengatik jasotako kantitateek ez dituzte gainditzen ahalko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko arautegian zergarik gabeko dietatzat hartu ahal izateko ezartzen diren mugak.
- Patronatukideek ez dute partaidetzarik izaten ahalko entitatearen emaitza ekonomikoetan; ez beraiek zuzenean, ez bitarteko pertsonen edo erakundeen bidez.
15. artikulua. Osaera.
- Patronatuak, gutxienez, hiru kide eta, gehienez zortzi kide izanen ditu. Muga horien barruan, Patronatuari berari dagokio unean-unean kopuru zehatza ezartzea.
- Patronatua osatzen ahalko dute jarduteko gaitasun osoa duten eta kargu publikoak betetzeko desgaituta ez dauden eta bateraezintasun-kausaren batean sartuta ez dauden pertsona fisikoek.
- Pertsona fisikoak bete behar duen patroi-funtzioa pertsonalki bete beharko da. Dena den, haren izenean eta ordezkari gisa jarduten ahalko du hark izendatutako beste patronatukide batek. Ordezkaritza hori ekintza zehatzetarako baliatzen ahalko da, hala dagokionean, ordezkatutako patronatukideak idatziz jasotzen dituen jarraibideekin bat.
- Pertsona juridikoak patronatukideak izaten ahalko dira, eta horiek ordezkatzen dituen/dituzten pertsona fisikoa/fisikoak hautatu beharko dute/dituzte, bai eta ordezkarien ordezkapen-ordena ere, bat baino gehiago izanez gero.
- Betetzen duten karguagatik patronatukidearen funtzioa betetzera deitutako pertsonaren izenean jarduten ahalko du haren ordezkoak.
16. artikulua. Kideak izendatzeko arauak.
- Lehendabiziko patronatua eratze-eskrituran izendatutakoa izanen da.
- Patronatukideak denbora mugagaberako izendatuko dira.
Salbuespenez, Patronatukide erabatekoak izanen dira:- Altsasuko alkate kargua betetzen duen pertsona edota,halakorik ezean, Patronatuak izendatzen duen zinegotzia aipatu kargua betetzeko.
- Sakanako Mankomunitateko presidente kargua betetzen duen pertsona edo aipatu Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeko kidea, Mankomunitate horrek berak izendatzen duena patronatukide izateko.
Pertsona horiek Patronatuko kide izanen dira, Patronatuko kide izendatzeko baldintza betetzen duten bitartean.
- Patronatukideek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute Patronatuaren hurrengo bilerara arte, non patronatua berritzea edo ordezkatzea erabakiko den.
- Patronatuak berak patronatukide berriak izendatu edo berrituko ditu, presidente kargua izan ezik, kargu hori Josefina Arregui Andrearen, hau da, Felipe Lecea Jaun fundatzailearen emazte zenaren, familiak izendatu edo berrituko baitu. Aipatu familiatzat ulertuko da lerro zuzeneko edo alboko odolkidetasunezko loturaz Josefina Arregui Andrearekin batuak dauden familia-kideak. Aipatu familiako kide batek betetzen ahalko du presidente kargua edota haiek izendatutako hirugarren batek. Edozein arrazoi dela eta, izendapen hori egiten ez bada, patronatuak berak hartuko du erabaki hori.
- Uneren batean patronatukide guztiak falta badira, fundatzaileek izendatuko dituzte patronatukide berriak, eta fundatzailerik ez badago, Babesletzak izendatuko ditu.
17. artikulua. Patronatuko karguak.
- Patronatuak lehendakari bat hautatuko du bere kideen artetik, eta idazkari bat izendatuko du, patronatukide izan daitekeena edo ez; ez baldin bada, ahotsa izanen du, baina botorik ez.
- Patronatuak bere kideen artean lehendakariordea eta diruzaina ere izendatzen ahalko ditu.
- Kargu horietako bat ere betetzen ez duten patronatukideak kideak izanen dira.
- Patronatuak izendatuko eta ezeztatuko ditu kargu horiek, gehiengo soilez, 25.6 artikuluaren arabera.
18. artikulua. Patronatukideen onarpena.
Patronatukideak beren eginkizunak gauzatzen hasiko dira izendapena -eta kargua, kasua bada- berariaz onartu ondoren. Agiri publiko nahiz pribatu batean gauzatu beharko da onarpena, notarioak legeztatutako sinadurarekin edo Nafarroako Fundazioen Erregistroan berariaz egindako agerraldiaren bidez. Halaber, Patronatuaren aurrean egiten ahalko da onarpena, eta idazkariak jaulkitako ziurtagiri baten bidez frogatuko da.
19. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.- Lehendakariaren eginkizunak dira:
- Fundazioaren ordezkaritza legala, judiziala edo estrajudiziala izatea.
- Patronatuaren bileretarako deia egin, gai-zerrenda finkatu, eztabaidak moderatu eta bilerei bukaera ematea.
- Patronatuaren erabakiak betetzen direla zaintzea.
- Estatutuak eta indarreko araudia betetzen direla zaintzea.
- Presidentea den aldetik, araudian edo estatutuetan esleitua duen beste zeinahi ahalmen, eta berariaz eskuordetzen zaizkionak.
- Lehendakaria ez badago edo gaixorik badago, lehendakariordeak beteko ditu lehendakari-eginkizunak eta, ez badago, Patronatuko kiderik zaharrenak.
20. artikulua. Idazkariren eginkizunak.
- Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:
- Patronatuaren bileretarako deia egitea lehendakariak hala aginduta, eta organoko kideentzako zitazioak egitea.
- Bileretara joatea eta aktak egitea.
- Fundazioaren dokumentazio guztia zaintzea.
- Ziurtagiriak ematea lehendakariak edo haren ordezkoak ontzat emanik, eta behar diren txostenak egitea.
- Diruzaintzako eginkizunak bere gain hartzea patronatuan diruzain kargurik ez badago.
- Idazkaria den aldetik, araudian edo estatutuetan esleitua duen beste edozein ahalmen, eta berariaz eskuordetzen zaizkionak.
- Idazkaria gaixorik edo kanpoan dagoenean edo lanpostua hutsik dagoenean, patronatukiderik gazteena arituko da idazkari.
21. artikulua. Lehendakariordearen eginkizunak.
- Kargua badago, lehendakariordeak honako eginkizun hauek izanen ditu:
- Lehendakariaren ordezkatzeko eginkizunak betetzea, kargua hutsik badago, lehendakaria kanpoan edo gaixorik badago edo bateraezintasun egoeran badago.
- Lehendakariordea den aldetik, araudi edo estatutu bidez diruzain gisa esleitzen zaion beste zeinahi ahalmen, eta berariaz eskuordetzen zaizkionak.
- Lehendakariordearen eginkizunak beteko ditu, ez badago edo gaixorik badago, lehendakariak horretarako izendatzen duen kideak.
22. artikulua. Diruzainaren eginkizunak.
- Kargua badago, diruzainak honako eginkizun hauek izanen ditu:
- Fundazioaren funtsak zaintzea eta kontabilitateaz arduratzea.
- Lehendakariarekin batera, funtsen erabilera baimentzea.
- Inbentarioa, egoeraren balantzea, emaitzen kontua eta oroitidazki ekonomikoa prestatzea.
- Araudi edo estatutu bidez diruzain gisa esleitzen zaion beste zeinahi ahalmen, eta berariaz eskuordetzen zaizkionak.
- Diruzaina del aldetik, diruzainaren eginkizunak beteko ditu, ez badago edo gaixorik badago, lehendakariak horretarako izendatzen duen kideak.
23. artikulua. Patronatukideen kargu uztea.
Fundazioko patronatukideek honako kasu hauetan utziko dute kargua:- Heriotzagatik edo heriotza-deklarazioagatik, bai eta pertsona juridikoa azkentzeagatik ere.
- Ezintasuna, desgaikuntza edo bateraezintasuna dagoenean, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.
- Patronatukide izendatzeko arrazoia izan zen kargua uzteagatik.
- Eginkizunak behar den arduraz ez betetzeagatik, hala deklaratzen badu Patronatuak berak, entzunaldia eman ondoren, edo ebazpen judizial bidez.
- Erantzukizun-akzioaren ondoriozko ebazpen judizialak hala agintzeagatik, indarreko araudian aurreikusitako moduan.
- Agintaldia amaitzeagatik, aldi jakin baterako izendatu bazituzten.
- Patronatuko kideen bi herenen gehiengoz, fundatzaileak kontrakorik xedatu ezean.
- Uko egiteagatik; uko egitea onartzeko aurreikusitako moduan egiten ahalko da.
24. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.
- Patronatuaren ahalmenen esparrukoak dira fundazioaren gobernuari, ordezkaritzari eta administrazioari dagozkien afera guztiak, inolako salbuespenik gabe, eta, horrekin batera, estatutu hauen interpretazioari eta aldaketari dagozkienak ere.
- Adibide gisa, eta mugatzeko asmorik gabe, honakoak dira patronatuaren eskudantziak eta ahalmenak:
- Fundazioaren zereginaren goi zuzendaritza, ikuskapena, zainketa eta orientazioa egitea.
- Estatutuen aldaketa erabakitzea, horietan aurreikusitako moduan, eta estatutuak interpretatzea.
- Fundazioaren bat-egitea erabakitzea, estatutuetan aurreikusitako moduan.
- Fundazioaren azkentzea erabakitzea, horretarako arrazoiren bat dagoenean.
- Fundazioaren jarduketarako lehentasunak ezartzea eta ildo orokorrak finkatzea funts erabilgarrien banaketa eta aplikaziorako, fundazioaren helburuak ahal den hobekien bete beharrez.
- Hurrengo ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen aurrekontua onestea.
- Inbentarioa, egoeraren balantzea, emaitzen kontua, jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa jasotzen dituen oroitidazkia eta aldi horretako diru-sarrera eta gastuen aurrekontuaren likidazioa onestea.
- Fundazioaren prestazioen onuradunak hautatzea.
- Prestazioak eta elkarlanerako bideak ezartzea fundazioaren helburuekin zerikusia duten pertsona edo erakunde publiko nahiz pribatuekin.
- Jaraunspenak, legatuak edo dohaintzak onartzea edo arbuiatzea, fundazioarentzat komenigarria dela iritziz gero.
- Fundazioaren ondasun eta eskubide guztiak erabili, administratu, kontserbatu, zaindu eta defendatzeko eginkizun guztiak betetzea oro har, epaiketetan zein horietatik kanpo.
- Ordezkaritzak ireki eta ixtea erabakitzea.
- Bere gaitasunak patronatukide bati edo gehiagori eskuordetzea, baina honako hauek ez dira eskuordetzen ahalko: Kontuen onarpena; Aurrekontuaren eta jarduera-planaren onarpena; Estatutuak aldatzea; Fundazioak beste fundazio batekin bat egitea edo likidatzea; Orobat, hala dagokionean, Babesletzaren baimena beharrezkoa den ekintzak.
- Ahaldunak izendatzea, orokorrak nahiz bereziak izan.
- Halakorik bada, fundazioaren beste organoak, estatutuetan aurreikusitakoak, osatzeko titularrak edo kideak izendatzea.
- Baimena ematea Babesletzari egiaztatzeko fundazio eskubidea behar bezala baliatzen dela eta fundazioaren jardunbidea legezkoa dela, eta betetzea Babesletzari komunikatu eta baimena eskatzeko betebeharrak.
- Fundazioaren administrazio eta gobernurako eta ordezkaritzarako bete behar dituen gainerako ahalmenak, indarreko araudiak esleituta dituenak.
25. artikulua. Bilerak eta erabakiak hartzea.
- Patronatua gutxienez urtean bitan bilduko da, eta, gainera, lehendakariak dei egiten duen guztietan, edo kideen herenak gutxienez eskatzen duenean.
- Deialdietan adierazita egonen dira eguneko gai-zerrenda eta bileraren inguruabarrak; deialdiak helarazteko garaiz, gutxienez 10 eguneko aurrerapenarekin, jasoko direla egiaztatzeko aukera ematen duen zeinahi bide erabiliko da.
- Ez da beharrezkoa izanen bilerara deitzea, patronatukide guztiek aho batez Patronatu bihurtzea erabakitzen badute.
- Bilerak aurrez aurrekoak edo urrutikoak egiten ahalko ditu Patronatuak, eta kideak toki desberdinetan egoten ahalko dira, betiere, bide elektronikoen bidez egiaztatu daitekeenean haien nortasuna, adierazpenen edukia eta noiz gertatzen diren. Horrez gain, interaktibitatea eta interkomunikazioa bermatu behar dira denbora errealean eta baliabide horiek saio guztian zehar eskuragarri daudela ziurtatu behar da.
- Patronatuaren eraketa baliozkoa izanen da, biltzearen eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, patronatuko lehendakaria eta idazkaria han direnean, bertaratuta nahiz urrutitik, edo estatutuen arabera haiek ordezten dituztenak, eta gutxienez ere patronatukideen erdiak, proportzio horretan sartuta aipatutako kideak.
- Erabakiak, oro har, bertaratu diren patronatukideen (bertaratuak edo ordezkatuak) botoen gehiengo soilez hartuko dira, hau da, aldeko botoen kopuruak kontrakoena gainditzen duenean. Berdinketa izanez gero, lehendakariak kalitatezko botoa izanen du.
- Halere, patronatukideen bi herenen aldeko botoa beharko da honako gai hauei buruzko erabakiak onesteko:
- Estatutuen aldaketa.
- Fundazioaren bat-egitea.
- Fundazioaren azkentzea.
- Patronatuak patronatukideak kargutik kentzea.
- Bileren akta eginen du idazkariak, lehendakariaren oniritziarekin, eta bertan honako hauek jasoko dira: bertaratu direnen (bertaratuak edo ordezkatuak) izena, gai-zerrenda, bilera non eta noiz egin den, eztabaiden puntu nagusiak kideek hala eskatuz gero, eta hartutako erabakien edukia. Patronatuaren bilkura horretan bertan edo hurrengoan onetsiko dira aktak.
V. KAPITULUA. FUNDAZIOAREN BESTE ORGANO BATZUK26. artikulua. Zuzendaritza, laguntza eta lankidetza organoak.
- Gerentzia
- Patronatuak, bere eginkizunak betetzeko, Kudeatzaile bat izaten ahalko du, egokitzat jotzen badu. Halakoetan, Kudeatzaileak behar den arduraz bete beharko du kargua eta lana fede onez egin.
- Patronatuak erabakiko du Kudeatzailea izendatzea edo kargutik kentzea, lehendakariak aurrez proposaturik.
- Baldin badago, Kudeatzaileak honako eginkizun hauek izanen ditu:
- Jarduerak zuzenean kudeatzea eta Fundazioaren baliabide arruntak administratzea, Patronatuaren erabakiei men eginez.
- Fundazioaren jardunbidea ikuskatzea Patronatuari kontuak emateko.
- Boluntarioak, laguntzaileak eta balizko langile kontratatuak gidatzea.
- Gastuak baimendu eta ordainketak agintzea, Aurrekontuaren barnean eta/edo Patronatuak berariaz muga gisa paratzen duen kopuruaren barnean.
- Patronatuak adierazten duen beste edozein zeregin.
- Kudeatzaile kargua ordaindua izanen da.
- Batzorde Eskuordetua
- Batzorde Eskuordetu bat izanen da. Haren ezaugarriak eta funtzionamendu araubidea honakoak izanen dira:
- Batzordekide izanen dira Patronatuko Lehendakaria, batzordeburua izanen baita, Idazkaria eta, gutxienez, Patronatuko beste kide bat, Patronatuak berak izendatua. Patronatuko Idazkaria arituko da idazkari.
- Karguaren iraupena indarrean egonen da Patronatuko kide izateari utzi arte.
- Batzordeak eginen ditu Patronatuak eskuordetzen edo esleitzen dizkion jarduera edo eginkizun guztiak, betiere aipatu eskuordetzea edo esleipena legearekin bat badator. Aplikatzekoa den araudian eginkizunen eskuordetzea arautzen duten arauekin bat etorriko da Batzordeak patronatuarekin izanen duen harremana.
- Batzordea gutxienez hiruhilekoan behin bilduko da, eta Batzordeburuak deia egiten duen aldioro, deialdiak helarazteko garaiz, gutxienez 3 eguneko aurrerapenarekin, jasoko direla egiaztatzeko aukera ematen duen zeinahi bide erabiliz. Bilera legez eratua egonen da, gutxienez batzordeko bi kide agertzen badira.
Ez da beharrezkoa izanen bilerara deitzea, kide guztiak bilduta badaude eta aho batez bilera egitea erabakitzen badute. - Erabakiak gehiengo soilez hartu eta dagokion Aktan jasoko dira.
- Gerentzia betetzen duen pertsona gonbidatuko dute aipatu bileretara, eta hizpidea izanen du baina botorik ez.
- Kontseilu aholku-emailea
- Patronatuak Fundazioaren helburuak hobeki betetzeko komenigarritzat jotzen badu, Fundazioak Batzorde aholku-emaile bat izaten ahalko du, Fundazioaren jarduketa esparruan ospea duten pertsonek edo harekin lotura berezia dutenek osatua.
- Batzorde aholku-emaileak honako eginkizun hauek izanen ditu:
- Fundazioari aholkularitza teknikoa ematea
- Fundazioaren lan ildoak, proiektuak eta programak zehazten eta/edo gauzatzen laguntzea, Patronatuak eskatzen dionarekin bat.
- Patronatuak ematen dion beste edozein eginkizun, baina inola ere ezin izanen ditu Batzorde aholku-emailean eskuordetu Patronatuak eskuordetu ezin dituen ahalmenak.
- Patronatuak Batzorde aholku-emaileko kideak izendatu eta kargutik kenduko ditu. Patronatuak, halaber, kide kopurua erabaki eta batzordeburua izendatuko du, bai eta aipatu Batzordean izan litezkeen gainerako karguak ere. Patronatuak, orobat, erabakiko du nola deitu eta egin beharko diren Batzordearen bilerak, zeinak gutxienez urtean behin eginen baitira, eta aipatu Kontseiluari bere eginkizunak betetzeko legozkiokeen erabakiak hartu beharko ditu.
- Batzorde aholku-emaileko kideek doan beteko dituzte beren eginkizunak, baina eskubidea izanen dute eginkizun horietan jarduteak eragiten dituen eta behar bezala justifikatzen diren gastuak ordain dakizkien.
- Ohorezko laguntzaileak
- Fundazioaren ohorezko laguntzaileak izaten ahalko dira Fundazioa garatzen laguntzen duten pertsonak, beren ezagutzak, ardura, esperientzia edo interesa Fundazioaren helburuak gauzatzera bideratzeagatik.
- Fundazioaren Laguntzailea izateko, bete beharko dira Patronatuak haiendako zehazten dituen irizpideak, inguruabarrak eta betebeharrak eta, era berean, beharrezkoa izanen da Patronatuak haren izendapena onartu izana Laguntzaile izateko. Patronatuak erabakiko ditu Laguntzaileei, kasua bada, dagozkiekeen eskubideak eta betebeharrak.
- Laguntzaile izaera biziartekoa izanen da eta ohorezkoa huts-hutsean, eta izaera hori dela eta, ez dagokio bestelako eskubiderik, onura gehigarririk edo betebeharrik.
- Ohorezko Laguntzaileak Patronatuko bileretara gonbidatzen ahalko dituzte, bilera horietan zer gai aztertuko den, eta hizpidea izanen dute baina botorik ez.
VI. KAPITULUA. ARAUBIDE EKONOMIKOA27. artikulua. Zuzkidura.
Fundatzaileek eratze-unean fundazioaren helburuak betetzera atxikitzen duten ondare-edukiko ondasun- eta eskubide-multzoak izan daitezke zuzkidura. Honako hauek osatuko dute:- Hasierako zuzkidura, ezeztaezina eta itzulezina izanen dena.
- Fundazioa egon bitartean egindako zuzkidura-gehikuntzak, diru-ekarpen berrien bidez, erreserbak edo ondare-soberakinak eraldatuz, fundatzaileek edo hirugarrenek zuzkidura gisa egindako ekarpenengatik, eta Patronatuak fundazioaren helburuetara modu iraunkorrean lotzeagatik.
28. artikulua. Ondarea.
- Fundazioaren ondarea orotariko ondasun, eskubide eta betebeharrez osatuta egon daiteke. Horiek ekonomikoki baloratzen ahalko dira eta edozein tokitan egon daitezke. Batez ere, honako hauek izan daitezke:
- Ondasun higiezinak, Jabetza Erregistroan fundazioaren izenean inskribatzen direnak, behar denean.
- Higiezinen balioak, fundazioaren izenean gordailutuko direnak, banku edo aurrezki establezimenduetan.
- Ondasun higigarriak, jabetza-tituluak, gordailu-frogagiriak edo beste zeinahi dokumentu, fundazioaren titulartasuneko jabaria, jabetza, erabilera, gozamena edo beste edozein eskubide egiaztatzen duena.
- Liburutegiak, artxiboak eta bestelako aktiboak, inbentarioak ageriko direnak.
- Fundazioaren ondarea inbertituko da fundazioaren helburuak bete eta errendimenduak edo ondare-gehikuntzak lortzeko egokiena den moduan.
29. artikulua. Kontabilitatea eta aurrekontuak.
- Fundazioak kontabilitate ordenatua eta bere jarduerari egokitua izan beharko du, egindako eragiketen jarraipen kronologikoa egitea ahalbidetzen duena. Nahitaez aplikatu beharrekoak izanen dira Kontabilitateko Plan Orokorreko egokitzapen arauak, irabazi-asmorik gabeko entitateentzat ezarritakoak.
- Fundazioak, zerga-araubide berezia aitortu bazaio, unean-unean aplikatu beharreko araudian jasotako kontabilitate, auditoria eta aurrekontuei buruzko aurreikuspenak errespetatu beharko ditu.
- Urtero, fundazioko Patronatuak ondasunen inbentarioa, egoeraren balantzea eta emaitzen kontua eginen ditu, eta horretan argi azaldu behar da fundazioaren diru, finantza eta ondare egoera zein den, eta memoria bat ere prestatuko du, fundazioaren jarduerak eta haren kudeaketa ekonomikoa zein izan diren adierazteko, finantziazio-taula ere barne dela, eta fundazioaren helburuak zehazki zenbateraino bete diren ere adierazteko. Oroitidazkian zehaztuko da, halaber, ondarea nola aldatu den eta gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan zer aldaketa izan diren.
- Fundazioak Babesletzari aurkeztuko dizkio aurreko apartatuan aipatzen diren agiriak, hurrengo ekitaldiko lehenbiziko sei hilabetean.
- Patronatuak, halaber, aurreko urteko diru-sarrera eta gastuen aurrekontuaren likidazioa eginen du.
- Patronatuak kanpoko auditoretza eginen die urteko kontuei, indarrean dagoen araudiak hala eskatzen duenean edo egokitzat jotzen duenean. Auditoretzako txostenak Babesletzari aurkeztuko zaizkio, jaulki eta hiru hilabeteko epean.
- Hala badagokio, indarrean dagoen araudiak xedatzen duen dokumentazio ekonomikoa aurkeztuko dio Patronatuak administrazio eskudunari.
30. artikulua. Ekitaldi ekonomikoa.
Fundazioaren ekitaldi ekonomikoa urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n amaituko da.VII. KAPITULUA. FUNDAZIOAREN ESTATUTUEN ALDAKETA31. artikulua. Estatutuen aldaketa.
- Patronatuak fundazioaren Estatutuak aldatzea adosten ahalko du, betiere, fundatzaileak edo fundatzaileek ez badu(te) debekatu eta fundazioaren interesekin bat badator eta helburuak hobeki lortzea ekarriko badu.
- Aldaketa egiteko, Patronatuko kideen bi herenen aldeko botoa beharko da.
- Aldakuntzarako erabakia arrazoitua izan beharko da, eta eskritura publikoan jaso.
- Patronatuak bete beharko ditu, onetsitako aldaketari dagokionez, indarreko araudiak eta Estatutu hauek ezartzen dituzten betebeharrak. Bereziki, Patronatuak Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzea sustatuko du.
VIII. KAPITULUA. FUNDAZIOAREN BAT-EGITEA ETA AZKENTZEA32. artikulua. Fundazioaren bat-egitea
- Patronatuak erabaki dezake fundazioak bat egin dezala beste fundazio batekin edo batzuekin, baldin eta fundazioaren helburua errespetatzen bada eta erabaki hori fundatzaileak edo fundatzaileek ez badu(te) debekatu.
- Bat-egitea gauzatzeko, Patronatuko kideen bi herenen aldeko botoa beharko da.
- Bat-egiterako erabakia arrazoitua izan beharko da, eta eskritura publikoan jaso.
- Patronatuak bete beharko ditu, erabakitako bat-egiteari dagokionez, indarreko araudia eta Estatutu hauek ezartzen dituzten betebeharrak. Bereziki, Patronatuak Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzea sustatuko du.
33. artikulua. Azkentzeko arrazoiak eta prozedura.
- Fundazioa arrazoi hauengatik azkenduko da:
- Fundazioaren helburua osotara betetzea.
- Fundazioaren helburua ezin gauzatzea, hargatik eragotzi gabe beste fundazio batekin edo batzuekin bat egitea edo aldatzea. Bat-egitearen kasuan, fundazioa azkentzea ekar dezake.
- Azkentzea dakarren bat-egite prozedura.
- Fundazioaren jardueren edo helburuen ilegaltasuna, epai irmoz deklaratua.
- Eraketa eskrituran edo indarreko araudian aurreikusitako beste arrazoi batzuk.
- Fundazioa azkentzeko, patronatuko kideen bi herenek aldeko botoa eman beharko dute, salbu eta arrazoi automatikorik badago edo ebazpen judizial arrazoitu bidez hala agintzen bada.
- Azkentze erabakia arrazoitua izan beharko da, eta eskritura publikoan jaso.
- Patronatuak bete beharko ditu, erabakitako azkentzeari dagokionez, indarreko araudia eta Estatutu hauek ezartzen dituzten betebeharrak. Bereziki, Patronatuak Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzea sustatuko du.
34. artikulua. Gerakin den hartzekoaren likidazioa eta adjudikazioa.
- Fundazioa desegiteak, beste batekin bat egitearen ondorioz desegiten denean izan ezik, likidazio-prozedura bat irekitzea ekarriko du. Prozedura hori Patronatuak eginen du, batzorde likidatzaile gisa eratuta, eta, hala badagokio, indarrean dagoen araudian xedatutakoari egokituko zaio. Bereziki, Patronatuak Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzea sustatuko du.
- Likidazioaren ondoriozko ondasun eta eskubide guztiak irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko edo pribatuen alde bideratuko dira, fundazioak egindako antzeko interes orokorreko helburuetarako. Erakunde hartzaile hori edo horiek Patronatuak zehaztuko ditu, hala badagokio, azkentzea erabakitzen den unean.


Erburua kalea z/g
948 563 850
info@josefinaarregui.com
Astelehenetik ostiralera: 09:00 – 16:30



