Josefina Arregui Klinikako giza taldeak hogeita bost urte baino gehiago daramatza eginkizun bati lotuta: narriadura kognitiboa edo dementzia duten adinekoen bizi-kalitatea hobetzea (Alzheimer gaixotasuna, Lewyren gorputzen dementzia, dementzia fronto-tenporala), edota nahasmendu psikiatriko hau edo hura dutenen bizi-kalitatea (depresioa, antsietatea, nahasmendu obsesiboak…), narriadura kognitibori lotuta edo ez egon daitezkeenak.
2017az geroztik Josefina Arregui Klinikak laguntza ere eskaintzen die narriadura kognitiborik edo dementziarik ez duten adinekoei Autonomia Berreskuratzeko Zerbitzuetan.
Bizi-kalitatea adinekoengan; horrek autonomia esan nahi du, gure etxean gure kasa bizitzea, gure familia eta gizarte barneko harremanak mantentzea, eta azken buruan, bizirik eta konektaturik gaudela sentitzea.
Pertsonok hainbat behar ditugu adin tarte guztietan (haurtzaroa, gaztaroa, helduaroa, zahartzaroa), hots, behar sozialak, elikadura arlokoak, mugikortasun arlokoak…, eta zaintzak behar ditugu, inor ez baita erabat independentea. Beharrak bizitzan zehar aldatzen dira, eta konplexuagoak dira gaixotasunak agertzen diren neurrian.
Adinekoengan, gaixotasunek, baita arin-arinek ere, autonomiaren galera eragin dezakete. Dementziadunen artean hori are nabarmenagoa da, gaixotasunak berak autonomiaren galera gero eta handiagoa eraginen duelako.
Autonomia galtzea bizi-kalitatearen galeraren arrazoi nagusietako bat da, eta horrek, domino bateko fitxek bezala, bestelako eraginak izanen ditu; adibidez, zaintza-beharrak areagotuko dira, eta horren ondorioz, eragina izanen du familiaren antolamenduan, autoestimuan bertan, eta beste gaixotasun batzuek okerragora joko dute (arnasketakoak, artikulazioetakoak….), eta eragina ere, bizitza sozialean eta komunitatearekiko loturan; eta, batzuetan, egoitza batean sartzeko arrazoia izanen da.
Horregatik, gure lan-metodologiak “ikuspegi funtzionala” du, hau da, ekintza guztiak norabide berean bideratu behar dira (medikoak, erizaintza-taldekoak, erizain-laguntzaileen taldekoak, terapia okupazionala, fisioterapia eta psikologikoak) kontsulta edo ospitaleratzea eragin duen arazoa konpontzeko eta, era berean, autonomia berreskuratzeko edo hobetzeko, “domino piezen erorketa eragozten” saiatze aldera.
Gure Ospitaleratze Unitatean sartzen diren pazienteak pertsona hauskorrak dira, hau da, sendagaien ondorioz bigarren mailako efektuak garatzeko eta autonomia galtzeko arrisku handia dutenak, eta bihotzeko, arnasketako, zirkulazioko gaixotasunak dituzte, edota infekziosoak edo beste batzuk, dementziaz gainera, eta jokabidezko asaldura larriak dituzte. Berezitasun horietako pazienteei heldu eta arreta emanen bazaie, talde tekniko oso kualifikatua izan beharra dago.
Josefina Arregui Klinikako giza taldeak hogei urtetik gorako ezagutza eta eskarmentua ditu bizkar gainean paziente dementziadunei jokabide arloko arreta eta arreta funtzionala ematen, eta horrek konpromiso, ahalegin eta ardura handia dakar berarekin. Jokabideari eta funtzionaltasunari lotutako ikuspegi hori egin daiteke, gure talde guztiaren engaiamendu eta lan onari esker, guztiek ere pazientziaz eta enpatiaz jokatzen baitute egunerokoan sortzen diren egoera korapilatsuetan.
Hona hemen gure lan-metodologiaren zutabeak:
- Jokabidea pazientearen komunikazio-modutzat hartzea. Pazientearengan suminkortasuna, haserre neurrigabeak eta antsietatea… agertzeak asebeteta ez dagoen premia bati erantzuten dio, edota gogaituta sentitzeari, inguruan gertatzen dena ez ulertzeari, edo, besteak beste, frustrazioari, adierazteko gauza ez izateagatik. Gure ustez, jokabide-arazoak ez dira pazientearen erantzukizuna. Pertsonak gaixotasuna ez balu, ez litzateke horrela adieraziko (ez litzateke kalean biluztuko, ez luke oihu eginen bainatzean), ez litzateke jokabide-arazorik izanen. Horrela, paziente batek iraintzen duenean, bere asmoa ez da iraintzea edo gutxiestea, eta oldarkortasunez erantzuten badu ere, ez da hori bere asmoa. Ez ditugu pazienteak jokabide horiengatik epaitzen.
- Jokabide orok jatorri bat dauka. Jokabidearen jatorria ezagutzeak edo hartara ahalik eta gehien hurbiltzeak pertsona bakoitzarentzako berezko tratamendu farmakologikoak eta bestelakoak programatzeko aukera ematen du. Ez da paziente guztientzako balio duen irtenbiderik, nahiz eta itxuraz “jokabidezko nahasmendu berbera” duen.
- Josefina Arregui Klinikan, diziplina askotatik egiten dugu jokabidearen jatorriaren azterketa. Profesional bakoitzak berariazko balorazio bat egiten du eta gero, taldeko gainerako kideekin bateratzen du, betiere helburuak eta estrategiak diziplinartekotasunez ezarrita.
- Jokabidezko nahasmenduen jatorria argitze aldera, paziente bakoitzarengan honako alderdi gauen gaineko balorazio sistematikoa egiten dugu:
- Pazientearen aurretiazko nortasunaren azterketa, haren lan-bizitza, familia- eta gizarte-harremanak edota nola egin dien aurre kontrako egoerei.
- Antsietatea edo depresioa bezalako arazoak izan dituen.
- Gaixotasuna nola hasi zen (dementzia) eta nola bilakatu den, nork bere burua zaintzeko duen gaitasuna, edo jarduera atseginak utzi dituen edo ez, eta zein testuingurutan.
- Dementzia mota, hartzen dituen edo hartu dituen botikak (batzuek jokabide- eta/edo autonomia-arazoak eragin ditzakete).
- Pazienteak dituen beste gaixotasun batzuk (bihotzekoak, arnasketakoak, zirkulaziokoak) eta sindrome geriatrikorik ote duen.
- Jokabide-asalduren jokabideari arreta egitea (nola erantzuten duten, zerk “funtzionatzen duen eta zerk ez”), jokabidea konpentsatzeaz gain, funtsezko informazio-iturria da jokabidearen jatorria ulertzen eta paziente bakoitzarengan berezko neurriak ezartzen laguntzeko.
- Jokabidean jardutea. Jokabidean jarduteari ematen diogu lehentasuna eta, era berean, tratamendu ez farmakologikoak farmakologikoaren gainetik, “erreskateko sendagaiak” ahalik eta gutxien erabilita. Josefina Arregui Klinikako taldea, eta bereziki “ohe ondoan” lan egiten duten kideek (erizaintza, erizain-laguntzaileak, terapia okupazionala, fisioterapia), pazienteen jokabidearen eta funtzionaltasunaren arretan dago espezializatua, eta funtsezkoa da jokabideen asalduren konponbidean.
- Iatrogenesi farmakologikoarekiko sentiberatasun handia (farmakoen eragindako kaltea). Inpaktu kognitiboa eta funtzionala duten farmakoen bilaketa aktiboa, bai eta sorta farmakologikoen bilaketa ere eta haren aurkezpen klinikoaren modua adinekoarengan.
- Berezko jarduketa-protokoloak, berariazkoak. Hainbat protokolo ditugu, besteak beste: narriadura funtzionalari aurrea hartzeko eta mobilizazio goiztiarrerako protokoloa, loaren tratamendu ez farmakologikoa, nahasmenduzko sindromearen prebentzioa, disfagia, deshidratazioa prebenitzekoa, etab.
- Diziplinarteko jarduketa-planak egitea helburu klinikoekin, funtzionalekin, nutrizioa arlokoekin, ingurunea egokitzeko helburuekin, sozialekin.
- Funtzio eta “errehabilitazioa 24 orduetan” kontzeptuaren intelektualizazioa eta instrumentalizazioa. Pazienteari laguntzen dion langile guztiak (laguntzaileak, erizainak, sendagileak…) prestatuak daude mobilizazio seguruko eta erorketak prebenitzeko tekniketan. Taldea, halaber, hainbat jardueren “bir-entrenamenduan” dago espezializatua, hala nola janztean, garbitasunean, dutxan…, behar ez diren ordezkapenak ekidinez.
- Diziplinarteko bilerak astean hiru egunez, Ospitaleratze Unitatean eta Eguneko Zentroan.
- Homogeneotasun medikoa. Mediku espezialista bakoitzak (neurologoa, psikiatra, geriatra) bere espezialitateari dagokion berezko ezagutza ematen dio paziente bakoitzari. Hiru espezialitateek funtzionamendu-eredu bateratuak, protokolizatuak, partekatzen dituzte, eta balorazio geriatriko integrala egiten dute.
- Gizarte-langilearen esku-hartze goiztiarra. Adineko pertsonaren eta haren familiaren gizarte-beharrei erantzuten die, eta gaixotasunaren fase bakoitzean informazioa, aholkuak eta orientabideak ematen dizkie.
- Familiak “ohe ondoan” eta “benetako espazioetan” txertatzea haien zaintza-planetan eta haien prestakuntzan.
- Kudeaketa klinikoan inplikatzea.