Josefina Arregui Klinikaren Ospitaleratze Unitateak 21 ohe ditu, guztiak ere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin hitzartuak. Paziente bakoitzak, gutxi gorabehera, 15-30 egun ematen ditu ospitalean, behar duenaren arabera. Senitartekoak bisita-ordutegian joan daitezke, eta zentroko langileak arduratuko dira pazienteak zaindu eta artatzeaz. Unitate honetan sartzen diren pazienteek dementziaren edo narriadura kognitiboaren diagnostikoa dute aldez aurretik (edo, gutxienez, susmo bat dago), eta nahasmenduak dituzte jokabidean (egonezina, oldarkortasuna, zainketak arbuiatzea), aldartean, eldarniozko ideiak dituzte, haluzinazioak edo lo-arazoak, beste sintoma neuropsikiatriko batzuen artean. Sintoma horiek, askotan, nabarmen eragozten edo zailtzen dute pazientearen ongizateari eustea, hura zaintzea eta bizikidetza.
Dementziek (Alzheimer gaixotasuna, Lewyren gorputzen ondoriozko dementzia, dementzia baskularra…) oroimena galarazteaz gain eta izaera edo jokabidea aldatzea eragiteaz gain, eguneroko lanak egiteko gaitasunak galtzea eragiten dute pixkanaka, hala nola janaria prestatzea, erosketak egitea edo autobusa hartzea, baita oinarrizkoenak ere, hala nola janztea, dutxatzea, elikatzea edo oinez ibiltzea. Horrek, jakina, zainketa karga larria dakarkie familiei. Horregatik, “arreta funtzionala” egin behar zaie dementzia duten paziente guztiei, ospitaleetan eta ospitaleetatik kanpo. Gure Ospitaleratze Unitatean diziplinarteko esku-hartze berezkoak egiten dira (terapia okupazionala, fisioterapia, medikazioa doitzea), jarduera horiek berreskuratzeko eta, are gehiago, baita hobetzeko ere, erorikoak prebenitzeko eta, alta eman ondoren, ahal den neurrian, narriadura funtzionala saihesteko. Horrela, diziplinarteko taldeak banakako jarduketa-plan bat prestatzen du paziente bakoitzarentzat. Plan horretan, funtsezkoa da konbinatzea esku-hartze farmakologikoak eta ez-farmakologikoak, ingurunea eta jokabide-maneiua.
Jokabide-asaldurak, mendekotasun funtzionala (autonomia galtzea) eta berariazko ezagutzarik eza dira familien zaintzeko gaitasuna agortzeko arrazoi nagusiak, eta familiakoa egoitza batean sartzeko erabakia hartzera behartuta daude. Hori dela eta, gure ospitaleratze unitatean sartzen denetik, balorazio bat egiten da pazientearen familiaren eta ingurunearen egoeraz, eta horrela, familiek zaintzak emateko dituzten zailtasun eta behar nagusiak atzematen dira. Horrela, gure Ospitaleratze Unitateko laguntzaren beste zutabe bat familiei eta zaintzaileei laguntzea da, bi alderditan: batetik, prestakuntza, senidearen jokabide-aldaketak eta hari eman beharreko zaintza fisikoak berariaz nola landu behar diren irakastea da; eta bestetik, orientazioa, alta jaso ondoren senideak jaso ditzakeen Foru Komunitateko gizarte eta laguntza baliabideei buruz, haien kudeaketan ahal den neurrian lagunduz.
Jokabidea egonkortzea, autonomia hobetzea (nork bere burua zaintzea) eta pazientearen martxa hobetzea, bai eta familiei prestakuntza ematea ere, onuragarria da pazientearen eta zaintzailearen bizi-kalitatea hobetzeko, eta horren ondorioz, errazagoa da zaintza eta komunikazio afektiboa ezartzea, bai eta bientzako gozamen espazioak sortzea ere.