Lanaldi eta ordutegi desberdinak ditu: a) lanaldi osoa, 9:30etik 17:30era, eta b) lanaldi partziala, goizez edo arratsaldez, astelehenetik ostiralera.
30 plaza ditu guztira, eta % 100 Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuarekin hitzartuta daude, Autonomiaren eta Pertsonen Garapenerako Nafarroako Agentziaren (ANADP) bidez.
Eguneko Zentrora joaten diren pertsonak adinekoak dira, autonomia funtzional eta pertsonalean zailtasunen bat dutenak eta desgaitasun eta/edo mendetasun maila desberdinak dituztenak, eta gizarte eta familia euskarri ona dutenak. Horri esker, pertsonak bere etxean bizitzen jarrai dezake. Pertsona horiek narriadura kognitibo arina edo dementzia izan dezakete, kognitiboki babestuak egon daitezke edo beste nahasmendu psikiatrikoren bat izan dezakete.
Autonomia arazoren bat duten adinekoak hainbat unitate motatara joan daitezke. Horren haritik, esan dezakegu Eguneko Zentroa dela erabateko independentzia egoeraren eta egoitza zaintzen premiaren arteko dispositibo bat.
Eguneko Zentroan, pertsona ahalik eta autonomia funtzional handiena lortzera bideratutako jarduerak egiten dira (ibilera segurua, erorikoen prebentzioa, esfinterren kontrola…), bai eta estimulazio kognitiboko jarduerak ere, babestutako funtzio kognitiboak (oroimena, orientazioa), psikoafektiboak eta sozializatzaileak mantendu eta garatzeko, komunitatean barneratzeko programa berezkoak barne, guztiak ere talde diziplina anitz batek zuzendurik. Taldean psikologoa, terapeuta okupazionala eta fisioterapetuta ari dira, bai eta erizaintzako langileak eta laguntzaileak ere.
Josefina Arregui Klinikaren Eguneko Zentroa da Nafarroan esku hartzeko mediku-talde berariazkoa duen bakarra (geriatra, psikiatra, neurologoa), gure Ospitaleratze Unitatearekin partekatua, ospitaleratzea eskatzen ez duten koadro kognitiboen ondoriozko patologia organikoetan edo jokabide-nahasmenduetan esku hartzea ahalbidetzen duena.
Era berean, familiei aholkularitza ematen zaie (hori behar dutenei) gaixotasun horien bilakaeran ager daitezkeen zailtasunak konpontzen saiatzeko, pazientea etxean egon ahal izateko.