“Desgaitasun neurologikoa duten pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntza, ariketa fisikoa eginez, betiere pazientearen desgaitasun maila egokituta”
Zahartze osasungarrirako politika oro gaixotasunak, lesioak eta, bereziki, desgaitasuna prebenitzera daude bideratuta. Esku-hartze askok osagai anitzeko ariketa fisikoko programen ezarpena dute oinarri. Gaixotasun neurologikoek (iktusak, bizkarrezur-muineko lesioak, Parkinson gaixotasuna, dementziak, hala nola Alzheimer gaixotasuna) desgaitasuna eragiten dute (“desgaitasun neurologikoa”) gazteengan zein adinekoengan. Kolektibo horretan, ezinbestekoa da esku-hartzeak egitea desgaitasuna ahal den neurrian lehengoratzeko (errehabilitazioa), kasu bakoitzean autonomia mailarik handiena lortuta, eta desgaitasunaren aurrerapena prebenituta edo saihestuta. Gaitasun funtzionalak (autonomia mailak) eragiten du pertsona bakoitzaren bizi-itxaropena, bizi-kalitatea, bai eta bakoitzak beharko dituen baliabideak edo laguntzak ere.
“Desgaitasun neurologikoa duten pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntza, ariketa fisikoa eginez, betiere pazientearen desgaitasun maila egokituta” proiektua mamitu da jatorri desberdineko desgaitasun neurologikoa duten pertsonen gaitasun funtzionala optimizatzeko (iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak) eta desgaitasunaren garapenari aurrea hartzeko. 2019ko ekainean abiarazi zen.
Programak ariketa fisikoa egitea sustatzen du, Nafarroako Unibertsitate Publikoak nazioarteko erakundeekin elkarlanean garatutako ViviFrail metodologiari jarraituz. ViviFrail ariketa fisikorako programa bat da, osagai anitzekoa, eta bereziki diseinatuta dago intentsitate arin-ertaineko narriadura funtzionala duten edo hori pairatzeko arriskuan dauden adinekoentzat (hauskorrak/aurre-hauskorrak) eta erori izan diren edo erorrikoak izateko arriskua duten pertsonentzat. Ikerketa gutxik ebaluatu dute zer-nolako eraginkortasuna duen dementzia edo iktusa duten pertsonengan.
Proiektu honen berrikuntza honetan datza: ViviFrail programa aplikatu da desgaitasun neurologiko kronikoa duten pertsonengan, hau da, eguneko arretako gizarte-baliabideetara (Eguneko Zentroak) bederatzi hilabetetik gora jotzen duten pertsonengan. Programa fisioterapeutek eta terapeuta okupazionalek aplikatu, eta medikuek gainbegiratzen dute. Gaitasun funtzionala neurtzeko sistemak ditu bai ebaluazioan, bai jarraipenean, sentsore inertzialen teknologian oinarritutako helburu kuantifikagarriekin. Horrek ebaluazio ez-inbaditzailea eta terapeutek erraz erabiltzeko modukoa ahalbidetzen du. Proiektua aldi berean egiten da hiri-ingurunean eta landa-ingurunean; izan ere, Iruñean eta Nafarroako Sakana inguruan bizi diren pertsonek parte hartzen dute, eta horrek errealitate desberdinak ezagutzeko parada ematen du.
Objetivos del proyecto > Proiektuaren helburuak:
- Desgaitasun neurologikoa duen pertsonaren gaitasun funtzionala optimizatzea.
- Hauskortasun/aurre-hauskortasun egoerak lehengoratzea, halakorik egonez gero.
- Autonomia pertsonalari eusten laguntzea.
- Desgaitasun neurologikoa duten adinekoengan (erorikoak, ospitaleratzeak….) gorabehera kaltegarriak prebenitzeko eredu prediktiboak garatzen laguntzea.
- Jarduera fisikoaren osagai anitzeko programak aztertu eta garatzen laguntzea, desgaitasun neurologikoa duten pazienteen gaitasun funtzionala hobetzeko, Europako ViviFrail proiektuan landutako metodologiari jarraituz.
- Sentsore inertzialetan oinarritutako teknologiaren eraginkortasuna baloratzea, desgaitasuna eta nahasmendu neurologikoak dituzten pertsonen gaitasun funtzionala neurtzeko.
- Langile parte-hartzaileak trebatzea, balorazio funtzionala eta entrenamendu-programa pertsonalizatuen garapena ezagutzeko.
Programak bederatzi hilabeteko iraupena du, 2019ko ekainetik 2020ko otsailera. Hilabete horietan, parte-hartzaileen balorazio funtzionalak egiten dira. Neurketa horiek proiektuaren dinamismoa errazten dute, eta programa parte-hartzaile bakoitzarengana egokitzea ahalbidetzen dute; parte-hartzaile bakoitza bere beharren arabera arituko da esku hartzeko talde batean edo bestean. Horrela, programa pertsonalizatua izatea lortzen dugu, nahiz eta talde-saioetan lan egiten dugun.
Gaur egun, proiektuan 60 lagun ari dira, eta programan zuzenean esku hartzen dute.
Otsailean, proiektuaren azken balorazioa eginen da. Horri esker, jakinen da zer-nolako eragina duen ViviFrail programak desgaitasun neurologikoa duten pazienteengan, osasun arloko profesionalek modu egituratuan aplikatuta. Ezagutza horri esker, beste azterketa batzuk egin daitezke dementzia maila handiagoa edo txikiagoa duenb jendearekin edota hartutako kalte neurologiko handiagoa edo txikiagoa dutenekin.
Esteka interesgarriak:
«Adacenek eta Josefina Arregui Klinikak bat egin dute desgaitasun neurologikoa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko». EuropaPress
Adacen eta Josefina Arregui Klinika batu egin dira desgaitasun neurologikoa duten pertsonen bizi-kalitatea eta arreta hobetzeko. ADACEN.
Vivifrail.