Kontsulta medikoen zerbitzuaren bidez, Josefina Arregui Klinikak Iruñera eta Iruñerrira zabalduko ditu psikogeriatriako eta geriatriako kontsultak; beraz, psikogeriatrian espezializatua dagoen erakunde gisa errotuko da. Zerbitzu medikoak geriatrek, psikiatrek, neurologoek eta familia-medikuntzak osatutako talde mediko espezializatu batek eginen ditu, hots, Josefina Arregui Klinikak Altsasun 1994tik eskaintzen dituenak. Gainera, Iruñeko Zentro berriak neuropsikologia kontsultetarako zerbitzu bat eta Suspertze eta Errehabilitazio Funtzionalerako Unitate bat izanen ditu, Nafarroan bakarra, 2017an Altsasuko egoitzan sortua. Zerbitzu horiek neuropsikologoek eta terapeuta okupazionalek ematen dituzte.
Josefina Arregui Klinikak apustu garbia egin du bere zerbitzuak eskuragarriago jartzeko, eta Esteban Lizarraga Fundazioaren eta Victoria Echeverriaren (“Adania Fundazioa”) lankidetza eta finantzaketa jaso ditu. “Uste dugu garrantzitsua dela zerbitzu medikoa behar duten ahalik eta pertsona gehienen beharrei erantzutea. Paziente kopuru handiena dagoen lekura hurbilduta; izan ere, horrela, ez dute izanen Altsasuko gure klinikara joateak eragin diezaiekeen eragozpenik. Instalazio berriek Altsasun dugun Klinikarekin batera jardungo dute. Klinika, gainera, zerbitzu berriekin indartzen ari gara “, adierazi du Angel Gardachal Klinikako zuzendari kudeatzaileak.
Kontsulta medikoen zerbitzuak
Iruñeko kontsulta medikoen zerbitzu berriak azaroaren amaieran irekiko ditu ateak, arratsaldeko ordutegian. Zerbitzuak psikogeriatriako kontsulta izanen du, eta bertan eginen dira Alzheimerra eta beste dementzia batzuk, jokabide-nahasmenduak edo gaixotasunak dituzten pazienteen diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena, hala nola depresioa eta antsietatea. Neurospikologiako kontsultak ere eginen dira, pertsonaren gaitasun kognitiboak ebaluatzeko, narriadurarik dagoen jakiteko, bai eta haren eragin-maila eta ezaugarriak ere. Iruñeko kontsulta medikoek, gainera, Suspertze Funtzionaleko Unitate anbulatorioa izanen dute, adinekoen (dementzia dutenak edo ez dutenak) autonomia berreskuratzea helburu harturik, beren kabuz moldatu ahal izateko, eta beren etxeetan ahalik eta denbora gehien egoteko.
“Pertsona askok gure zerbitzu medikoak eta terapeutikoak behar dituzte. Horregatik, Josefina Arregui Klinikan, betiere Felipe Lecea fundatzailearen ametsarekin bat, gure osasun zerbitzuak Nafarroako herritar gehienengana hurbiltzeko apustua egin dugu”, esan du Angel Gardachalek. Adierazi du proiektu berritzaileak garatzen eta abian jartzen jarraituko dutela, betiere aldi berean Klinikak egiten dituen jarduerak sendotuta eta indartuta, Altsasun instalazioak hobetuta eta eguneratuta.
Espezializazioa psikogeriatrian
Josefina Arregui Klinika psikogeriatrian espezializatutako erakundea da. Medikuntzaren arloan, adinekoen osasun mentalaz arduratzen da, eta honako alderdi hauek hartzen ditu barne: narriadura kognitiboa, dementzia, depresioa, antsietatea edo nahasmendu psikotikoak (haluzinazioak, eldarnioak). Adinekoengan, gaixotasun horiek autonomia galtzea eragin dezakete, eta, horregatik, funtsezkoa da hainbat espezialitate medikotan jardutea, hala nola geriatrian, psikiatrian eta neurologian. “Josefina Arregui klinikan espezializatuta gaude gaixotasun horien diagnostikoan eta tratamenduan, gaixotasun horien ondoriozko jokabide-arazoei aurre egiten (egonezina, oldarkortasuna, zainketen arbuioa….), bai eta pazientearen autonomia mantentzen eta berreskuratzen ere, hori baita zainketa onak egitea ahalbidetzen duen oinarria”, azaldu du Gardachalek.
Klinikak Altsasuko egoitzan eskaintzen dituen zerbitzuak
Kanpoko kontsulta medikoez eta suspertze funtzionalerako unitate anbulatorioaz gain, Josefina Arregui Klinikak egonaldi ertaineko Ospitale bat eskaintzen du Altsasuko egoitzan. 21 ohe ditu, eta guztiak Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin hitzartuta daude. Unitatearen helburua da era anbulatorioan artatzerik ez dagoen buru-nahasmendu organikoa duten adineko pazienteak diagnostikatzea, tratatzea eta errehabilitatzea. Jokabide edo lo arloko nahasmendu larriak dituzten pazienteak artatzen ditu, narriadura kognitiboa edo dementzia dutenak (E. Alzheimerra, Lewyren gorputzen dementzia…). Paziente gehienak etxera itzultzen dira sendatu ondoren.
Eguneko Zentro psikogeriatrikoa espezializatua dago beren etxeetan bizi eta narriadura kognitiboa duten pazienteetan. Zentroaren helburua adinekoa mantentzea eta suspertzea da, estimulazio kognitiboa egitea, autonomia pertsonala zaintzea, gizarte-harremanei eustea, egonkortasun afektiboa lortzea eta etxean bizitzen jarraitzea.