Adinekoengan, hauskortasuna eta narriadura kognitiboa garaiz atzematearen garrantzia izan du jardunaldiak helburu, eta hantxe izan dira, Javier Fernández Valdivieso, Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia, eta Gregorio Achutegui Basagoiti, Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari-kudeatzailea, Osasun kontseilaria ordezkatzeko joana.
Achuteguik jardunaldiaren garrantzia nabarmendu du, aukera ederra baita osasunaren hainbat arlotan diharduten profesionalak, bakoitza bere diziplinatik, elkarlanean aritu daitezen. “Aldaketa eta egokitzapena behar-beharrezkoak dira, bizi dugun pandemiaren ondorioz”, adierazi du Achuteguik, hauxe gehituta: “Gaitza garaiz atzemateko programen bidez, murriztu egiten dugu laguntzaren eta langileen inpaktua, bai eta narriadura larria ere. Profesional guztien arteko elkarlana funtsezkoa da aurrera egiteko, eta Josefina Arregui Klinikak abian jarritako ekimenak ere funtsezkoak dira “.
70 profesional inguru bildu dira, erdiak baino gehiago lehen laguntzako eta egoitzetako medikuak, beste espezialitate batzuetako medikuak eta lehen laguntzako erizainak. Jardunaldiari beste hainbat profesionalek ere jarraitu diote online.
Jardunaldiaren ondorioak
Jardunaldiak hauskortasunari eta narriadura kognitiboari arreta goiztiarra ematearen garrantzia azpimarratu du. “Pertsona bat oroimen-galeraren, ibilera-nahasmenduaren, etab. sintoma bat agertzen hasten denean, garrantzitsua da medikuarengana jotzea, zahartze normala den edo arazoren bat ote dagoen jakiteko ebaluazioa egiteko. Horri esker, diagnostikoa egin ahal izanen dugu, baita gaixotasunaren aurreko prebentzio-estrategiak ere”, adierazi du Josefina Arregui Klinikako zuzendari Francesc Escabia sendagileak. Eta gaineratu duenez: “garaiz atzemateak gaixotasun edo desgaitasun baten agerpena geldiarazteko aukera ematen digu, baita narriadura kognitiboaren bilakaera moteltzeko aukera ere”.
Jardunaldian, agerian geratu da pandemiak pertsona horiei eragin diela; izan ere, isolamenduak eta familiekiko elkarrekintzarik ezak eragina izan du jendearen aldartean, eta kognizioak eta jokabide-nahasmenduek okerrera egin dute. “Horren guztiaren ondorioz, gaixo askok azkarrago egin dute okerrera, estimulazio maila galdu dutelako eta gertatzen ari zena ulertzen ez dutelako. Ez zuten ulertzen zergatik eraman behar zituzten musukoak. Zaila izan da familientzat kontu hori gobernatzea, kutsatzearen beldurragatik “, esan du Francescek.
Paziente geriatrikoari eta psikogeriatrikoari eragiten dieten osasun-arazoak aztertu dira. “COVID gaitzak agerian utzi du adineko pazientea hauskorra dela gaur egungo pandemiari aurre egiteko, bai eta hura ez kutsatzeko hartutako prebentzio-neurriek izan duten eragina ere”, adierazi du jardunaldiaren aurkezpenean Josefina Arregui Klinikako Ariadna Besga mediku geriatrak, eta “isolamendua, murrizketa sozialak eta gisako neurriak guztiz kontra daudela zahartze osasungarria lortzeko behar direnekin”.
Horren haritik, Carlos Fernández Viadero doktoreak, Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitaleko Psikiatriako Egonaldi Ertaineko (Psikogeriatria Programa) Unitateko geriatrak aztergai izan ditu murrizketa fisikoek eta sozialek adinekoen osasun mentalean dituzten ondorioak. Azaldu ditu, halaber, egoitzetan eta etxean bertan pazienteei egiten zaizkien murrizketa fisiko mekanikoaren alderdi garrantzitsuenak, bai eta giro-estimulazioaren galerarekin lotutako murrizketa sozialak ere, narriadura kognitiboak okerrera egitea eta pazienteen hauskortasuna areagotzea eragin baitezake”.
Manuel A. Franco doktoreak Espainiako Psikogeriatria Elkarteko presidentea da eta Valladolideko Rio Hortega Unibertsitate Ospitaleko eta Zamorako Asistentzia Guneko psikiatria eta osasun mentaleko zerbitzuko burua, eta dementzia duten pazienteen sintoma psikologikoak eta jokabidezkoak detektatzeari eta horiei aurre egiteari buruz hitz egin du. Sintoma bakoitza aletu du, horien jatorria aurkitzeari garrantzia emanik, tratamendurik onena bilatu ahal izateko, botikak azken aukera gisa hartuta.
Ines Francés doktorea geriatra da eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari gerentea. Bada, dementziaren arretari buruzko Nafarroako daturik berrienak eta esanguratsuenak aurkeztu ditu, bai eta Foru Erkidegoan mendetasun-maila duten adineko pazienteei arreta emateko eskuragarri dauden baliabideei buruzkoak ere, eta azken urteotan ezartzen joan direnak. “Baliabide kopuru handia dugu maila guztietan, eta interkonektatuta daude”, esan du Francesek. Bere hitzaldian aurreratu du Nafarroako 15.889 pertsonatatik 4.204ri dementzia diagnostikoa egin zaiela. “Datu hori handiagoa izan daiteke kontuan hartzen badu dementzia duten pertsona guztiek ez dutela balorazio hori eskatu”, zehaztu du Francesek.
eFrail programa
Jardunaldia amaitzeko, Josefina Arregui Klinikako zuzendari mediko Francesc Escabia doktoreak hartu du hitza. Hark azaldu du zertan datzan dementzia duten pazienteengan hauskortasuna detektatzeko eta esku hartzeko programa diziplina anitza: eFrail programa, Josefina Arregui Klinikak iaz abian jarria. “Programa berritzaile horren bidez, pazienteei eta haien familiei aukera ematen diegu klinikako talde profesionalarekin bisita egin aurretik komunikazioa izateko plataforma digital baten bidez”, adierazi du Francesc Escabiak. Azaldu duenez, komunikazio horri esker, pazientearen egoerari buruzko informazioa lortuko da, bai eta pertsona horren bizitzako hainbat alderdiri buruzkoa ere, familiak garrantzitsutzat jotzen dituen elementu interesgarri guztiak jorratzeko. “Ez da hain metodo inbaditzailea, eta aldez aurreko jakinarazpenari esker, komunikazioa errazten du pazientearen eta haren familiaren egoera zein den jakiten hasteko. Arazoari aurre egiteko aukera emanez, gaixoaren eta haren familiaren arteko gatazka egoerak saihestuta”, esan du Escabiak. Mediku geriatrak gaineratu du informazio hori beharrezkoa dela pazienteak dituen diagnostikoen ebaluazio zuzena egiteko: “Informazio eta diagnostiko horrekin diziplinarteko esku-hartzea egin dezakegu, Cordovillako gure Zentro Mediko berrian ditugun baliabideen bitartez”, azaldu du Escabiak.
Josefina Arregui Klinikak dementzia eta narriadura kognitiboa duten pazienteetan espezializatutako erakundea da; horrenbestez, jardunaldiaren bitartez, beste behin ere erakutsi du apustua egiten jarraitzen duela hauskortasuna eta/edo narriadura kognitiboa izateko susmoa duten pertsonen arreta berritzearen alde, eFrail programa aurkeztean agerian geratu zen bezala.