Dokumentalak, gainera, Josefina Arregui Klinikaren sortzaile Felipe Lecearen irudia erakusten du, haren bizitzari buruzko ibilbidea eginez. Izan ere, haren emazteari Alzheimerra diagnostikatu ondoren, Josefina Arregui Klinika psikogeriatrikoa Altsasun sortzea erabaki zuen.
Raul Madinabeitia nafar ekoizleak sustatua eta Fernando Vera zinemagileak zuzendua, dokumentalean musikariek, dementzien arloko puntako ikertzaileek, aktoreek, psikiatrek, terapeutek, dementziak jotako pertsonek eta haien familiek parte hartu dute.
Proiektuaren jatorria
Dokumentalaren jatorria “La música de tu historia. Música y cerebro en comunidad ” proiektua da, Josefina Arregui Klinikan 2018ko irailetik 2019ko ekainera gauzatua, Raul Madinabeitia zuzendari eta ekoizlearen, musika arloko profesionalen eta Klinikako bertako langileen ekimenez. Proiektua Iruñeko Gayarre antzokian eraman zen bururaino, diziplina anitzeko ikuskizun baten bidez.
Ikuskizuna eman ondoren, Madinabeitiak “Los acordes de la memoria” dokumentalaren bidez proiektuari jarraipena ematea erabaki zuen. Ekimen horren behar bat izan du abiaburu, hots, ikus-entzunezko euskarri bat izateko beharra, zertarako eta musika komunitarioak Alzheimerra duten pertsonen eta haien ingurunearen terapia gisa duen erabilera erakusteko, hori lagungarria baita gaixoen ongizate sozial, emozional eta kognitiborako, ikusizko arteak erabiliz, modu berritzaile eta artistikoan.
Proiektu zinematografiko horren alderdi berritzailea arte komunitarioa esaten zaion lan-filosofia aplikatzea da, hau da, gaixoa gizabanako gisa ez ezik, bere komunitateko kide gisa ere artatzen baita, senitartekoekin, zaintzaileekin, lagunekin eta abarrekin batera.
Dokumentalaren ardatzak
Dokumentalak hiru ardatz nagusi ditu: Josefina Arregui Klinika, zientzia eta musika.
Los Acordes de la Memoria dokumentalaren ardatz nagusia Josefina Arregui Klinika da, eta haren inguruan, Felipe Lecea sortzailearen figuraren historia, klinikaren egungo unea, eta Klinikak dementzien tratamenduan berrikuntza eta modernizaziorako duen borondate irmoa. Dokumentalak hainbat lagun izan ditu laguntzaile, hala nola Joseba Arregui, Josefina Arregui Fundazioko presidentea, Regina Arregui, Felipe Lecea eta Josefina Arreguiren iloba, Vicente Madoz, klinikaren sortzaileetako bat, eta klinikako beste pertsona batzuk. “Gaur esan dezakegu Klinika Felipe Lecearekin batera sortzean izan genuen ametsa bete egin dela, hiru diziplina mediko nahastuta, hau da, geriatria, neurologia eta psikiatria; ametsak dementzia zuten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea zuen helburu, eta, ahal zen neurrian, familiekin batera normaltasunera itzultzea ahalbidetzen zuena (ospitaleratu baino lehen)”, esan du Vicente Madozek.
Dimentsio zientifikoa Ricardo Insausti nafarraren bidez garatzen da, hots, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Anatomia katedraduna eta Giza Neuroanatomiako Laborategiko zuzendaria da, eta Alzheimerren gaixotasunaren patologiaren agerpena aztertzen du. Gainera, Vicente Madoz doktoreak, hau da, Josefina Arregui Klinikaren psikiatra eta sortzaileetakoak eta Nafarroako osasun mentaleko erreferenteak parte hartzen du, baita neurologiako eta medikuntzako beste profesional batzuek ere.
Esparru zientifikoaren barnean, dokumentalak errealitate bat ikusarazi nahi du, hartan zientzia eta sasizientzia elkarrekin bizi baitira, Alzheimer gaixoen eta haien senideen agoniaren erdian, ez baitago tratamendu farmakologikorik gaixo horiei oroitzapen berriak gordetzeko ahalmena itzultzeko eta beren bizitzei zentzua emateko.
Horren haritik, Ricardo Insaustik bost urte daramatza ikertzen hipokanpoaren eta garunaren gainerako aldeen artean egiten den elkarrizketa, bai primateetan bai gizakietan, oroitzapenak osatu eta sendotzeko. “Emandako garunak aztertuz eta teknologiari esker, bizirik dauden garunekiko alderaketa egin dezakegu, eta, horrela, patologien mapak sor ditzakegu, gaixotasunaren diagnostiko goiztiarragoa egin ahal izateko, erresonantzia magnetikoaren markatzaileen bidez”, azaldu du Insaustik. “Aurrerapen zientifiko horrek gaixotasunaren prebentzio goiztiarra egitea ahalbidetuko du, sintomak agertu aurretik pertsona bat Alzheimerra izateko arriskuan dagoen ala ez adierazita”, argitu du.
Hirugarren ardatzak musikarekin du zerikusia, hau da, dimentsio terapeutikoarekin, artistikoarekin eta, duen postuagatik, gizakiarenarekin ere bai. Alzheimerra duten pertsonek eta haien ingurukoek musika komunitarioa terapia gisa erabiltzen dutela erakusten du, eta haien ongizate sozial, emozional eta kognitiboari laguntzen dio. Hori garrantzitsua da, ez bakarrik alor horretan aitzindariak diren musika-teknikak abian jartzen dituelako, baita hemen, Nafarroan, gertatzen ari den zerbait delako ere”.
Horrela, larunbatero, 2019ko urtarrilaz geroztik, Los Acordes de la Memoria lantaldeko kamerak Josefina Arregui Klinikan ematen diren tailerretara joan ziren. Tailer horietan, gaixoek eta senideek zuzenean bizi dute musikaren eta plastikaren indar eraldatzailea, ingurunea engaiatuta, eta esperientzia artistikoa partekatuta. “Musikak ez du Alzheimerra sendatzen. Balio du memoria emozionala suspertzeko eta, taldean lan eginez gero, paziente horiek hobetzen laguntzeko, bai eta haien autoestimua ere”, esan du Vicente Madozek.
Dokumentalak tailer horietan abiarazi diren metodo didaktikoen erabilera erakusten du: Orff, Willens, Kodally, Dalcroze eta Soundpainting. Dementzia duten gaixoengan Nafarroan lehen aldiz erabiltzen diren teknikak dira.