Hain zuzen ere, abenduaren 26an Altsasun jokatuko den azken finalerdia izanen da.
Txapelketa abenduaren 19an hasiko da Agoitzen finalerdietako ligaxka batekin; gero, abenduaren 20an izanen du Uharten jarraipena, eta abenduaren 26an, Altsasun.
Euskal Jai Erremontek nabarmendu duenez, aurten, Adanorekin lankidetzan aritzeaz gain, partiduak jokatuko diren herrietako udalek erabakiko zer elkarte edo erakundetara bideratu biltzen den dirua, udalerri bakoitzean. Altsasun, Josefina Arregui Klinikararako izatea erabaki zen.
Finalerdia Altsasun
Altsasuko finalerdia Burunda pilotalekuan jokatuko da abenduaren 19an, 17:30ean hasita. Partidu horretan, Zeberio II.ak, Ionek eta Otanok hartuko dute parte.
Sarrerak bost eurotan erosi behar dira, aldez aurretik, Altsasuko Kultur Etxean. Horrela, ez da jendea pilatuko txarteldegian eta frontoien sarreretan, ikuskizunaz gozatzera doazen pertsonen arteko kontaktua saiheste aldera.
Gehienez 200 lagunendako lekua izanen da kirol ekitaldia ikusteko. Txapelketa Erremonte Fundazioak antolatu du, e • Remonte enpresarekin eta Agoitz, Huarte, Altsasu eta Lodosako udalekin elkarlanean, eta partida guztietan, COVID-19aren aurkako neurri zorrotzak hartuko dira, Nafarroako Kirol Institutuak ezarritako protokoloarekin bat. Protokoloaren arabera, musukoak nahitaez erabili beharko dira uneoro, frontoiaren barruan zein kanpoan, 1,5 metroko tartea utzi beharko da elkarrekin bizi ez diren ikusleen artean, eta gehieneko edukiera pilotalekuaren edukiera guztiaren % 50ekoa izanen da, hots, gehienez 200 ikusle, eta arestian aipatutako tartea gordeta.
Aurtengo Txapelketako nobedadeak
Bi berrikuntza nabarmenduko ditugu aurtengo txapelketan. Batetik, formatu triangeluarrean jokatuko da eta, bestetik, erremontista gehiagok hartuko dute parte; bederatzik, hain zuzen ere. Erremontistak hiru taldetan banatuko dira, multzo buru banarekin (Zeberio II, Uterga eta Ezkurra II). Haiekin batera izanen dira Ion eta Otano Zeberio II.aren taldean, Barricart eta Garces Utergarenean, eta Aldabe eta Azpiroz Ezkurra II.aren taldean.
Kanporaketa bakoitzean hiru erremontistek jokatuko dute elkarren aurka, eta beste bien aurkako bi partidetan emaitzarik onena lortzen duena Lodosan abenduaren 27an jokatuko den finalerako sailkatuko da, hori ere formatu triangeluarrean.