Bisita instituzionalean, agintariek erakundeak egindako handitze-lanen ondoren baliabide espezializatu honek duen funtzionamendua ezagutu dute.
Topaketan parte hartu dute, halaber, Joseba Arregui Felipe Lecea Fundazioa – Josefina Arregui Klinikako presidenteak; Ángel Gardachal erakundeko zuzendari kudeatzaileak; patronatuko ordezkariek eta Javier Ollo Altsasuko alkateak.
María Chivite lehendakariak nabarmendu du Josefina Arregui Klinikak “arreta psikogeriatrikoan sakonki espezializatutako profesionalak” dituela eta “gizatasuna eta bikaintasun profesionala uztartzeak zentro hau erreferente eta Nafarroako osasun-sistemarentzat funtsezko baliabide bihurtzen duela”.
Ospitalearen handitzeak eta berritzeak ohe kopurua 33ra handitzea ahalbidetu du; horietatik 32 Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidearekin hitzartuta daude. Instalazio berriek 13 logela dituzte, eta 2,7 milioi euroko inbertsioa ekarri dute, ospitalearen arreta-gaitasuna %52 baino gehiago handituz.
Handitzea baliabide mota honen eskaeraren hazkundeari erantzuteko egin da, biztanleriaren piramidearen alderantzikatzearen eta bizi-itxaropenaren igoeraren ondorioz. Gainera, handitze honen abian jartzeak eta 2023an kanpo-kontsulta anbulatorioen hitzartzeak nabarmen murriztu dute Nafarroan baliabide honen itxarote-zerrenda: 60 egunetik gorako itxaronaldietatik gaur egun 10 egun ingurura igaro da.
Ospitaleak dementzia eta/edo nahasmendu kognitiboak dituzten pazienteak artatzen ditu, etxean zein ospitale eta egoitza-zentroetan kudeatzeko oso zailak diren jokabide-nahasmenduak dituztenak.
Sistema publikoan integratzea, enplegua eta arreta espezializatua
Ospitalera egindako bisitaren ondoren, María Chivite lehendakariak eta Joseba Arregui Felipe Lecea Fundazioa – Josefina Arregui Klinikako presidenteak hitzaldi instituzionala egin dute, eta bertan sistema publikoaren eta Josefina Arregui Klinika bezalako erakunde espezializatuen arteko lankidetza ren garrantzia azpimarratu dute
Bere hitzaldian, María Chivitek Nafarroako osasun-sistemaren barruan publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, adieraziz “erakunde pribatuen parte-hartzeak urrunago iristea ahalbidetzen digula eta, askotan, hobeto iristea ere bai”.
Bestalde, Joseba Arreguik Osasun Departamentuaren eta Josefina Arregui Klinikaren Fundazioaren arteko “urte askotako lankidetza” nabarmendu du, azpimarratuz “Fundazio gisa sortu ginenetik osasun-sistema publikoan erabat integratuta sentitu garela, gure sortzaile Felipe Leceak hala nahi izan baitzuen”.
Era berean, adierazi du handitze honek “pertsonan oinarritutako arreta multidiziplinarraren alde egiten jarraitzea” ahalbidetzen duela.
Arreguik gogorarazi du, gainera, erakundea “irabazi-asmorik gabeko fundazioa” dela, eta “jasotzen dituen diru-sarrera guztiak Klinikaren beraren jarduera asistentzialean berrinbertitzen direla”; halaber, “Klinikaren jardueraren %90 baino gehiago sektore publikoari lotuta dagoela, dementzien arloko osasun-jarduera sakonki espezializatu eta humanistan”.
Bisita instituzionalaren ondoren, Klinikako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek lan-bilera egin dute, ospitalearen handitzearekin eta berritzearekin lotutako datu asistentzialak, lanekoak eta ekonomikoak aztertzeko.
Ildo horretan, Ángel Gardachal erakundeko zuzendari kudeatzaileak azaldu du handitzeak plantilla nabarmen handitzea ekarri duela, 23 eta 26 profesional berri artean kontratatu direla, hau da, ia %40ko hazkundea.
Era berean, azpimarratu du langileen %82,4 Sakanakoa dela, eta egindako inbertsioaren %75,20 eskualdean bertan geratu dela.
Zuzendari kudeatzaileak balioa eman die, halaber, Klinikak “zaintzaileak zaintzea” printzipioarekin sustatutako Erakunde Osasungarria proiektuaren emaitzei, eta adierazi du aldi baterako ezintasunagatiko absentismo-tasa %5,9koa dela, Nafarroako osasun-sektoreko batez besteko datuen azpitik.
Arreta arloan, 2025eko familien kalitate-inkesten emaitzak ere nabarmendu ditu, ospitaleko egonaldiari buruzko balorazioan 10etik 9,03 puntu lortu baitira.
Gaur egun, Josefina Arregui Klinikak ehun langile inguruko plantilla du Altsasu, Iruñea eta Gasteizko baliabide guztien artean.

Screenshot













Erburua kalea z/g
948 563 850
info@josefinaarregui.com
Astelehenetik ostiralera: 09:00 – 16:30



