Josefina Arregui Klinikak ekintza-programa zabala jarri du abian, Eguneko Zentroaren erabiltzaileen familientzat. Ekintzak martxoaren 14an hasi ziren, eta egun horretan, osasun-alertaren egoerak beharturik, bere Eguneko Zentroko ateak itxi egin behar izan zituen.
Horretarako, “Covid19aren aurka elkartuta” izeneko ekintza-plana sortu zen. Hasiera-hasieratik, bideoak eta beste material grafiko batzuk prestatu ziren, Eguneko Zentroaren erabiltzaileen senitartekoek etxean erabili ahal izateko, eta horrela, Zentroaren jarduerari jarraipena emateko. Gaitasun kognitiboak mantentzeko edo zaintzeko materiala da, eta jarduera fisikoak/manipulatzaileak, kognitiboak, aisialdikoak eta sortzaileak ondu dira. Jarduerak egunero bidaltzen dira, adinekoentzako eta narriadura kognitiboa duten pertsonen zaintzaileentzako informazio interesgarriarekin batera, baita klinikari buruzko albisteak edo oharrak ere. Material horiek eta beste edozein informazio zabaltzeko, Klinikak WhastAppeko talde bat sortu du senideekin. Klinikak, gainera, berariazko gune bat moldatu du bere webgunean: “Covid19ari buruzko informazioa” (https://josefinaarregui.com/covid). Bertan, bideo guztiak daude ikusgai, eta jardueren materialak deskargatu daitezke.
Eguneko Zentroaren erabiltzaileen jarraipena, telefono bidez egiten da astero, orain haien etxeetan baitaude. Etxean egunero sortzen diren zalantza eta arazo guztiei erantzuten zaie.
“Ez zaude bakarrik” (NES) arreta psikosozialerako programa
Eguneko Zentroaren erabiltzaileen familiendako ekintza-plan berezkoaz gain, Josefina Arregui Klinikak arreta psikosozialerako programa berri bat jarri du abian, martxoan, “Ez zaude bakarrik” izenekoa. Programa Ospitaleko pazienteen familiei eta Eguneko Zentroaren erabiltzaileen familiei dago zuzendua. Programa Klinikaren berezko baliabideekin finantzatzen ari da nagusiki, eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren laguntza eta finantzaketa ere badu. Programak are garrantzi handiagoa hartu du konfinamendu egun hauetan, narriadura kognitiboa duten pertsonekin bizi diren familiei laguntza eman behar zaielako eta lagun egin behar zaielako.
Programa hori 2019ko abenduan sortu zen, eta familiei eta zaintzaileei laguntzea du helburu, informazioaren, laguntzaren eta prestakuntzaren bidez. “Programa modu presentzialean egiteko sortu zen, baina egungo egoeraren ondorioz, jarduera gehienak birbideratu behar izan ditugu. Jarduerak, orain, bideoak eta beste baliabide batzuk sortuz eta zabalduz garatzen ari gara“, adierazi du Angel Gardachal Klinikako kudeatzaileak. Programa berriak arreta psikosoziala eskaintzen du, bi lan-ildoren bidez: informazioa eta laguntza. Lehen lan-ildoaren barnean (informazioa), proiektu honen ekintza berrienetako bat dago: aplikazio mugikor bat garatzea. Tresna berritzaile horri esker, Ospitaleko pazienteen eta Eguneko Zentroaren erabiltzaileen eguneroko bizitza hurbilduko zaie haien senideei. Aplikazio berria da, eta haren bidez, Josefina Arregui Klinika da Nafarroan horrelako aplikazio bat duen lehen erakundea. Aplikazioa une honetan garatzen ari da eta datozen egunetan egonen da abian.
Ospitaleko nahiz Eguneko Zentroko familiek astero jasotzen dute informazioa telefonoz. Egunero, gainera, bideo-deiak egiten dira Ospitaleko pazienteen eta haien senideen artean. Familien dei guztiei erantzuten zaie zalantzak argitzeko, bai eta etxeetan sortzen diren arazoak moldatzeko ere.
Proiektu honen bigarren lan-ildoa familiei eta zaintzaileei laguntza psikologikoa emanez lagun egitea da. Funtsezko laguntza da, nahasmendu psikologikoak dituzten pertsonei arreta emateak eragiten duen nekeagatik. Alde horretatik, programaren bidez, senitartekoak zaintzen eta artatzen laguntzen zaie, bai eta pazienteak artatzen ere. Laguntza oso garrantzitsua izaten ari da une honetan, familiek ezin baitituzte zuzenean ikusi ospitalean dauden senideak.
Proiektu honek ederki erakusten du zer-nolako apustua darabilen Josefina Arregui Klinikak egunerokoan bere Ospitalearen eta Eguneko Zentroaren erabiltzaileen alde, berrikuntzaren bidez.

Erburua kalea z/g
948 563 850
info@josefinaarregui.com
Astelehenetik ostiralera: 09:00 – 16:30



