Josefina Arregui Klinika elkarlanean aritu da, Alzheimerra duten Gaixoen Senideen Nafarroako Elkartearekin (AFAN) batera, Osasunbideak sortutako webgunean. Osasuna Nafarroa web-atarian dago, eta gaixotasunari berari buruzko informazioa emateaz gain, aholkuak ematen ditu zaintzailearen eguneroko lanean agertu ohi diren eta harremana alda dezaketen egoerei aurrea hartzeko edo egoera horiek maneiatzeko. Halaber, maiz izaten diren zalantzak argitzeko erantzunak.
Webguneak zaintzaileen esperientziei buruzko ikus-entzunezko materiala ere badakar, bai eta dementziako sintoma psikologikoen eta jokabide-sintomen artatze ez farmakologikoa ere, jokabide-nahasmenduak izenekoak. Ikus-entzunezko material horretan Josefina Arregui Klinikak parte hartu du, bere profesionaletako baten bidez, Raquel Guerrero terapeuta okupazionala baita, musikoterapian espezializatua.
Artatze ez farmakologikoa
Artatze ez farmakologikoari buruzko ikus-entzunezko materialean, Raquel Guerrerok azaldu du artatzea zertan datzan: “Kasu batzuetan teknika eta terapia ez farmakologikoetan oinarritutako ekintzak, esku-hartzeak eta jarrerak dira, jokabide-nahasmenduak agertzea prebenitzeko eta/edo horrelakoak dituen pertsonaren portaeran zenbait aldaketa lortzeko”. Bideoan, halaber, artatze ez farmakologikoaren faseak (prebentzioa, diagnostikoa eta esku-hartzea) azaltzen dira, baita fase bakoitzean kontuan hartu beharreko alderdi garrantzitsuenak ere. “Oso garrantzitsua da kontuan hartzea dementziaren sintoma psikologikoak eta jokabidezkoak gaixotasun baten testuinguruan gertatzen direla, eta guk egokitu behar dugula haietara, hau da, profesionalok eta familiak, eta ez alderantziz”, zehaztu du Raquel Guerrerok.
Dementzia duten 6.000 pertsona baino gehiago Nafarroan
Osasun Departamentuak emandako datuen arabera, Nafarroan 6.276 pertsonak dute dementzia diagnostikatua: 1.405 egoitza-zentroetan bizi dira, eta 4.871 etxean. Azken horietatik, % 72 80 urtetik gorakoak dira, eta behar dituzten zaintzak, gehienbat, familia bereko pertsona batek ematen ditu.

Erburua kalea z/g
948 563 850
info@josefinaarregui.com
Astelehenetik ostiralera: 09:00 – 16:30



