Proiektua Sara Ruiz de Erenchun Fundación Clínica Josefina Arreguiko Gizarte eta Osasun Zerbitzuen koordinatzaileak aurkeztu zuen. Bertan, fundazioak datozen bi urteetan Sakanan garatuko duen gizarte-berrikuntzako proposamena azaldu zuen.
Bere hitzaldian, Ruiz de Erenchunek proiektuaren muina laburbiltzen duen galdera bat plazaratu zuen: «Eta Eguneko Zentro bat komunitate oso baten zaintzaren motor bihurtuko balitz?». Ideia horretatik abiatuta, Sakana Hariak aurkeztu zuen: arreta-eredu tradizionala eraldatu nahi duen ekimena, Eguneko Zentroa lurraldera irekita dagoen espazio bihurtzeko. Helburua da adinekoak, familiak, ikastetxeak, elkarteak, merkataritza eta gizarteko gainerako eragileak elkarrekin konektatzea.
Proiektuaren xedea da adinekoak zaintzen hartzaile huts izateari utzi eta beren komunitateko bizitzan parte-hartzaile aktibo bihurtzea, harreman berriak, ezagutza-trukea eta lurraldeko eragileen arteko lankidetza sustatuz. Horretarako, gizarte-berrikuntzako prozesu bat garatuko da: tokiko ekosistemaren azterketa egingo da, zaintza komunitarioko eredu berri bat elkarlanean diseinatuko da adituekin eta Sakana eskualdeko eragileekin batera, esperientzia pilotuak abiaraziko dira eta horien emaitzak ebaluatuko dira, landa-eremuetako beste udalerri batzuetara ere transferitu ahal izango den eredua sortzeko.
Aurkezpenean, Eguneko Zentroko arduradunak azpimarratu zuen berrikuntza ez dela soilik teknologia berriak txertatzea, baizik eta pertsonak elkarrekin harremanak izateko eta elkar zaintzeko modua eraldatzeko gaitasuna ere badela. Ildo horretan, nabarmendu zuen helburua dela Eguneko Zentroa baliabide asistentzial hutsa izatetik benetako motor komunitario izatera igarotzea, lurraldearen kohesio soziala indartzeko.
Programa Innova-k hautatutako proiektua
Sakana Hariak Programa Innova-ren hamargarren edizioan hautatutako proiektuetako bat izan da. Programa Fundación Caja Navarra-k eta Fundación “la Caixa”-k sustatzen dute, eta aurten 36 gizarte-, kultura- eta landa-proiektu babestuko ditu, guztira 2,2 milioi euroko zuzkidurarekin. Edizio honetan, bereziki indartu da urte anitzeko eta gizarte-eraldaketa sakon eta iraunkorra sortzeko gaitasuna duten ekimenen babesa.
Ekimen honen bidez, Fundación Clínica Josefina Arregui-k pertsona ardatz duten arreta-eredu berritzaileen garapenean aurrera egiten jarraitzen du, zaintzak ikuspegi asistentziala gainditu eta parte-hartzea, gizarte-kohesioa eta komunitatearen garapena sustatzeko tresna bihur daitezen bultzatuz. 



Erburua kalea z/g
948 563 850
info@josefinaarregui.com
Astelehenetik ostiralera: 09:00 – 16:30



